Sanprudentzioak plaza berezia dituzu. Urduri zaude?
Egundoko aukera da eta urduri nago, bai. Batez ere, kontuan hartuta Esne Beltza eta Gora Etorri ere egongo direla oholtzan. Jende asko etorriko da eurak ikustera, eta hainbeste jenderen aurrean musika ipintzeak presioa eragiten du. Era berean, etxean nago eta babestuta sentitzen naiz.
Aurten hasi zara musika ipintzen?
Sanprudentzioetako Gazte Eguna antolatzen genbiltzala sortu zen aukera. Egitarauan emakumearen presentzia bermatzeko lan egin dugu. Bada, emakumea eta deneriko musika ipiniko duen DJa gura genuen. Jai batzordeko norbait izatea erabaki genuen eta neure burua eskaini nuen. Orduan hasi nintzen praktikatzen, ikasten, laguntza eskatzen... Horren ostetik, Isiotu elkarteak musika ipintzeko aukera eman dit. San Blas egunean ere ipini nuen musika, eta Durangoko Rugby tabernan.
DJ munduan emakume gutxi dagoela esan daiteke?
DJrik ezagunenak gizonak dira, eta festibaletan ere gehiengoa dira. Hala ere, geroago eta emakume gehiago dagoen sentsazioa dut. Baina, egia esan, gutxi gara oraindino.
Baduzu erreferenterik?
Oso modu espontaneoan hasi nintzen. Badut DJ lagun bat, Asier, eta eskatu diodan bakoitzean laguntza osoa eman dit: materiala utzita, hainbat gauza irakatsita... Bera dut eredu momentu honetan.
Zein musika duzu zuk gustuko?
Denerik entzuten dudan arren, jaietan txosnetan ibiltzen naiz gehiago, orokorrean euskal musika entzuten delako gehiago. Hala ere, reggaetoia, musika teknoa, rap erritmoak... denerik gustatzen zait. Nire egunerokoan oso presente dago musika, asko entzuten dut.
Zer eskaini gura diozu publikori?
Aurrean dudan publiko osora ailegatzen ahalegintzen naiz. San Blas eguneko publikoa, adibidez, oso anitza zen: helduak, gazteak... Hori ikusita, musika egokitzen dut. Asko disfrutatzen dut, eta jendeak nik beste disfrutatzea dut helburu.
Musika ipini gura zenukeen toki bat?
Musika ipintzen aritzea afizio bat da, oso ondo pasatzen dut eta jaietara joateko proposamenak baditut, joango naiz. Baina ez dut argi etapa honek zenbat iraungo duen. Ez dut ofizio lez planteatzen. Traña-Matienan, etxean, musika ipintzea izan dut helburu, eta lortuko dut. Aukera galanta izan da eta horregaz geratzen naiz.
Abesti bat?
'Alboka' (Gozategi eta Etxepe). Musika ipintzerakoan, abesti klabea da.
Musika talde bat?
Ezin dut bat aukeratu. Baina aspaldian asko entzuten dudan taldea Brigade Loco da.
Zelan bizi dituzu sanprudentzioak?
Gehien disfrutatzen ditudan jaiak dira, etxean gaude, etxekoekin.