San Prudentzio Egunean jaurtiko dute txosnaguneko txupinazoa. Aurten, Abadiñon Euskaraz taldeak izango du ohore hori. Herrian sortu berri den taldeak euskara bultzatzea du helburu.
Mozorro Eguna jaien lehenego zapatuan izango da. Herri bazkaria egingo dute, Traña plazan. Parte hartzaileak mozorrotuta joango dira. Aurtengo gaia marrazki bizidunak izango dira. Kuadrillak hasita daude gaiaren bueltako jantziak prestatzen arratsaldeko kalejiran prest egoteko.
Gazte Egun jendetsua
Gazte Eguna sanprudentzioetako ekitaldirik jendetsuenetariko bat izaten da. Urtero 200 bat gazte batzen dira. Jaietako lehenengo domeka izanda, eguerdiko jokoetan parte hartzea aukera ona izaten da biharamunari aurre egiteko. Zapatu gauean, jaietako kontzertu nagusia izango da: Esne Beltza taldea. Xabi Solanoren taldeagaz batera eskualdeko Gora Etorri eta DJ Kuku igoko dira oholtzara. Astelehena jai eguna izanda, domeka gaua luzatzeko aukera izango da.
Astelehenean (maiatzak 1), Geu Be taldeak Eusko Labeleko txahala erreko du Traña plazan. Horrez gainera, Abadiñoko emakume artisau-sortzaileek antolatuta, azoka izango da frontoiko aparkalekuan. Arratsaldean, ekitaldi berezia izango da: Zigor Iturrietak showcooking eta Txiki Txef saioa gidatuko du. Ekitaldian bertan, janari bilketa solidarioa egingo dute Atxondo Harrera Herria elkartearentzat.
Jaietako bigarren asteburuari dagokionez, maiatzaren 5erako bertso saioa antolatuko dute Errotan. Unai Iturriaga, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Eneko Abasolo 'Abarkas' arituko dira bertsotan. Igor Galarza izango dute gai jartzaile. Bigarren zapaturako, paella txapelketa antolatu dute.