Lau urteko etenaldiaren ondoren, gaur Trail de las Pastoras de Portudera mendi lasterketa jokatu da Arenas de Cabrales (Asturias) herriaren inguruan dagoen Portudera mendilerroan. 26 kilometroko ibilbide teknikoan 5.100 metroko desnibel metatua gainditu dute parte hartu duten 350 korrikalariek. Bertan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu da emakumeetan (3.59.26). Objetivo Trail taldeko María Martínez sailkatu da bigarren (4.00.39), eta Artarrai mendi taldeko Sonia Lopezek osatu du podiuma (4.17.33). Gizonetan, Azpigorri taldeko Asier Larruzea korrikalari gueñestarrak irabazi du (3.11.34)
Lehiaketa eta tradizioa uztartzen dituen lasterketa
Los Urrieles mendi taldeak eta Arenas de Cabraleseko lagun talde batek antolatzen dute lasterketa hau. Probak Europako Mendietako bihotza zeharkatzen du, bide tradizionaletatik. Bide horiek bertako emakume artzainek eta mendian ganadua gobernatzen zutenek zabaldurikoak dira neurri handi batean, eta horregaitik ipini zioten Trail de las Pastoras de Portudera izena lasterketari, emakume horiei omenaldia eginez. Izan ere, eurei eskerrak ibili daiteke gora eta behera mendi malkartsu hauetan. Sasoi batean, gizonek baino askoz ere emakume gehiagok lan egiten zuten mendiotako txabola eta eskortetan, ganadua gobernatzen, esnea batzen, gazta egiten eta abar. Horrez gainera, emakume horiek ezinbestekoak izan dira bertako ohitura eta tradizioei eusteko.