Mikel Zabalegi ordiziarra izan da lasterketako garailea mutiletan (1.32.31) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nesketan (1.51.41). Gaurkoagaz, korrikalari abadiñarrak hirugarrenez jantzi du txapela lasterketa honetan (2017, 2019 eta 2023), eta pozarren agertu da. “Arrasateko lasterketan etxean lez sentitzen naiz. Antolatzaileak ezagutzen ditut, giro mundiala sortzen da urtero, eta ibilbidea ere zoragarria da, niretzat arinegi egitekoa bada ere”, adierazi du Azkorbebeitiak. Gaurko eguraldia ere hartu du hizpide eta parte hartu duten korrikalari eta antolatzaileen esfortzua nabarmendu du: “Lasterketa hasi aurretik barruraino bustita egon gara denok eta halakoetan kosta egiten da berotzea. Nik neuk ez dut askorik sufritzen hotzagaz, gustuko dut eguraldi txarra, baina halakoetan mendi tontorretan ibiltzea ez da broma izaten eta antolatzaileek ondo egin dute Udalatxeko tontorretik ez pasatzeko erabakia hartuta. Ez bakarrik hori. Antolakuntzako lagun asko egoten da goialdeetan, denborak hartzen, anoa postuetan eta bidegurutzeetan, eta horiek gogoan hartuta ere hartu dute erabakia”. Azkorbebeitiak Joseba Iglesias saria ere irabazi du, bera izan da-eta azkarrena lehenengo igoera egiten.
Nesketan Ainara Urrutia korrikalari aretxabaletarra sailkatu da bigarren (1.55.02), eta Lara Estebanez legazpiarra hirugarren (2.00.14). Mutiletan Asier Larruzea gueñestarrak egin du bigarren (1.33.16) eta Iñigo Alzola arrasatearrak hirugarren (1.34.49).
Gontzal Murgoitio hirugarren eta Aitor Ajuria laugarren Kilimon Trailen, atzo
Argazkia: barren.eus
Bestalde, atzo arratsaldean Kilimon Trail mendi lasterketa jokatu zen Mendaron. Aurten, mendiko lasterketen Euskadiko Txapelketa izan da eta
Durangaldeko korrikalari bi nabarmendu ziren mutiletan. Gontzal Murgoitio elorriarrak hirugarren postuan amaitu zuen 23 kilometroko proba (1.58.12) eta Aitor Ajuria otxandiarrak laugarren (1.59.11). Valdezcarayko Alain Santamaria korrikalariak irabazi zuen lasterketa (1.56.10) eta Ibai Larrea antzuolarra sailkatu zen bigarren (1.56.33). Santamaria errioxarra izanik, Larrea izan zen Euskadiko txapelduna, Murgoitio azpitxapelduna eta Ajuriak osatu zuen podiuma.
Nesketan Salomon taldeko Malen Osa arineketalari oñatiarra gailendu zen, erraz, bigarrenari hamar minutu pasatxo aterata. Larraitz Aragon korrikalari durangarra seigarren sailkatu zen (2.37.41) eta Garazi Sampedro atxondarra zortzigarren (2.39.26). 300 bat korrikalarik parte hartu zuten.