Xarma Fisioterapia eta Osteopatia zentroak irabazi du Abadiñoko Udalak antolatutako enpresa-proiektuen lehiaketaren hirugarren edizioa. Martiñe Usabel Lizundia ekintzaileak 5.000 euroko diru-laguntza jaso du proiektua martxan jartzeko. Datozen hilabeteetan irekiko du zentroa Traña-Matienan.
Udaletik jakitera eman dutenez, enpresa-proiektuen lehiaketaren helburua Traña-Matienan, Zelaietan eta Muntsaratzen enpresa berrien sorrera bultzatzea da. Hori horrela, lehiaketako proiektu irabazleak 5.000 euroko diru-laguntza eta Durangaldeko Behargintzaren enpresak sortzeko sailaren aholkularitza izango ditu.
"Ekimen ekintzailea sustatu gura du udalak, eta ekitea erabakitzen dutenei bidea erraztu. Horrek gainera, eragin positiboa eta dinamizatzailea izango du Abadiñoko herrigunean", azaldu du Iñaki Rekalde zinegotziak.