"Akuarelan kolore guztiek bat egitea da ederrena"

Anboto 2023ko api. 2a, 10:20

Gerard Parareda orain dela urte eta erdi etorri zen Durangaldera, Bartzelonatik (Herrialde Katalanak), lagun batzuen bitartez. Atxondon bizi da harrezkero. Joan zen urrian, Tailer-leku zabaldu zuen Abadiñon, akuarelaz egindako lanak sortzeko eta baita eskolak emateko ere. 

Akuarelaz egindako komikiak egiten dituzu. Zergaitik akuarela?
Freskotasun handia duen teknika arina da, oso teknika espresionista. Gainera, asko gustatzen zait kalean margotzea, paisaia urbanoak margotzea, adibidez. Dena dela, komikiekin hasi ondoren murgildu nintzen ilustrazioan eta akuarelan. 

Komikiaren mundutik zatoz, beraz.
Betidanik egin ditut komikiak. Baina orain bost urte modu serioan hartzea erabaki nuen, eta Gironatik Bartzelonara joan nintzen, JOSO eskolan trebatu eta espezializatzeko. Carles Pellejerogaz ere asko ikasi nuen. Paisaiak margotzen ditu gehienbat, eta beste ate bat zabaldu zitzaidan. Komikigintzaren eta ilustrazioaren munduan nabarmentzea oso gatxa da, ordu asko eskatzen du. Akuarelazko komikiak ez dira oso ohikoak, teknika digitala erabiltzen da gehiago. 

Tailer-leku zabaldu duzu Traña-Matienan. Zein helburugaz?
Sortzeko espazio bat izan gura nuen lanerako. Hala ere, ikusi dut akuarela modan dagoela eta eskolak ematea erabaki nuen. Egonkortasun ekonomikoa ematen dit. Bada, hiru orduko eskolak ematen ditut: marrazketa eta irudia ilustrazioan sartzen ikasten dugu lehenengo, eta gero akuarelagaz jarduten dugu. 

Zelako harrera izan duzu?
Pozik nago. Inoiz akuarelan aritu ez diren pertsonak ere etorri dira eta horrek bildur apur bat eragin dit. Baina nahiko azkar harrapatu dute. Akuarelagaz lan egin duten ikasleak ere baditut, gehiago espezializatzera datozenak. Eurengandik ere asko ikasi dut. Nahiko klasikoa naiz, eta, batzuetan, harritu egiten zaituen jendeagaz elkaratzen zara. Umeei ere erakusten diet.

Teknika gatxa da?
Ez da erraza. Hala ere, irudiak, ilustrazioak eta koloreak desberdinak diren arren teknikari heltzeko era berdina da beti. Apurka trebatuz joaten gara. Ur askogaz lantzen den teknika da, horixe da duen politena, hasieran apur bat beldurtu arren. Oso teknika sikua erabilita, akuarelaren esentzia galduko dugu. Kolore guztiek bat egitea da ederrena; urari jariatzen utzi behar zaio. Zenbat eta gehiago kontrola galdu, orduan eta politago geratuko da, eta ate gehiago zabalduko zaizkigu.

Enkarguz lan egiten duzu?
Akuarelak salgai ditut, eta enkarguak ere hartzen ditut. Oparitzeko izaten dira, batez ere. Baina ez dut erretraturik egiten, horretarako erretratugileak daude.

Baina karikaturak egiten dituzu.
Bai, ez dago hainbeste espektatiba. 

Publikatu duzu komikirik?
Autoedizioa egin dut, fanzineren bat lagunekin istorio labur bat kontatzeko... Asko gustatuko litzaidake era serioan komiki bat egitea, 70 orrialdeko istorio polit bat sortzea, irakurleak ulertzeko ondo egituratutakoa, gidoi bategaz... Horixe da nire erronka, nire ametsa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!