Hiru urteren ostean, apirilaren 20an berriro irekiko ditu ateak Abadiñoko igerilekuak. Gaur goizean gobernu taldeko hainbat kidek prentsari instalazioak erakutsi dizkiote eta bertan iragarri dute apirilaren 20an zabalduko dituela ateak kiroldegiak. "Herritarrek luzaroan itxarondako proiektua izan da, eta gaur egun errealitatea da dagoeneko. Lehen egunetik aritu gara lanean proiektua aurrrera ateratzeko, eta esfortzu eta denbora asko eskaini diogu proiektu honi, beharrezko baliabide ekonomikoak ere bilatuz, udalerriak kalitatezko kirol ekipamendua izan dezan", azaldu du Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak.
Joan den udan hasitako lanak 1,4 milioi euroko inbertsioa eskatu du, baina udalak 500.000 euroko diru-laguntza lortu du Bizkaiko Foru Aldunditik, eta beste 349.766 euro energia-eragikortasuneko proiektuetarako Europako Feder funtsen kontura. Horri Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten 345.000 euroko diru-laguntza gehitu behar zaio. Hau da, 1.194.766 euro guztira.
Instalazioa irekitzearekin batera, maiatzetik aurrera emango diren ikastaroen eskaintza berria lantzen dabiltzala jakitera eman dute. "Orain dela gutxi kirol-instalazioaren kudeaketa aldatu da, eta udalak kontrol handiagoa izango du zerbitzu ona ziurtatzeko.Igerilekua ireki ondoren lurreko eta uretako ikastaro berriak eskainiko ditugu, kirol eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko", adierazi du Patxo Campo kirol zinegotziak.