Abadiñok mendi bizikletako Green Series egutegiko proba hartuko du domekan

Anboto 2023ko mar. 30a, 17:00

Cafés Dromedario Flotamet taldeko Paul Mendizabal Bilboko proban. (Argazkia: Martzel Zubia)

Irteera eta helmuga Zelaietako San Vicente galdategiaren aurrean egongo da.

Mendi bizikletako Green Series txapelketaren seigarren aldia martxan da. Aurtengo egutegia zortzi probak osatzen dute. Lehenengoa Bilbon lehiatu zuten, martxo hasieran, eta bigarrena Abadiñon izango da, domeka honetan. Abadiñok lehenengoz hartuko du Green Series-eko proba bat.

Abadiñoko hainbat gazte Cafés Dromedario Flotamet taldean dabiltza mendi bizikletan, eta txirrindularitza elkartekoak horregaitik animatu dira Green Series-eko proba antolatzera Abadiñoko Udalagaz batera. Kadeteetako lehenengo urtean bost abadiñar dabiltza. Hauetxek: Hegoi Arrinda, Ipar Arrinda, Markel Garitaonandia, Ander Mendizabal eta Paul Mendizabal. Paul Mendizabalek laugarren amaitu zuen Bilboko lehenengo proban, eta joan zen asteburuan zazpigarren geratu zen Nafarroan, UCI mailako mendi lasterketa batean. 

4,2 kilometroko zirkuitua

Antolatzaileek 4,2 kilometro luze den zirkuitua prestatu dute. Irteera eta helmuga San Vicente galdategiaren aurrean izango dira. Hasi eta berehala, parte hartzaileek Mendilibarreko harbideko aldapa gogorra igoko dute. Ondoren, baso bideetatik ibiliko dira eta Atxarte egoitzaren ondotik igaro ondoren galdategira bueltatuko dira.

Lehenengo proba master mailakoa izango da, 09:30ean. Ordutik aurrera, mailarik maila irtengo dira. Eliteko azken proba 13:30ean hasiko da. 

Maiatzaren 7an Berrizen txanda izango da. Iaz lez, aurten ere Green Series-eko zirkuituko proba bat hartuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!