Ixone Sanchez abadiñarra 600 metroen probako azpitxapeldun geratu da 16 urtez azpiko Espainiako txapelketan

Anboto 2023ko mar. 27a, 15:58
Ixone Sanchez —ezkerrean— eta Laia Cariñanos (Argazkia: Bidezabal)

Durangoko Bidezabal taldearekin dabil abadiñarra. Bere taldekide Laia Cariñanosek, berriz, urrezko domina irabazi du 1.000 metroko proban.

Atzo 16 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketa —pista estalian— lehiatu zuten Ourensen (Galizia, Espainia). Bidezabal klubak atleta bi izan zituen lehian eta biek emaitza bikainak lortu zituzten.

Ixone Sanchez Santos abadiñarrak zilarrezko domina irabazi zuen 600 metroko proban. Zapatuko finalerdian nagusitasunez sailkatu zen finalera 1.36.26ko denborarekin. Atzoko finalean, azken metroetan erakutsitako adoreak eman zion domina. Laugarren tokian zihoan azken txanpan sartu zenean eta sekulako esprint bati esker bigarren postuan zeharkatu zuen helmuga. Ehunen bateko aldea atera zion Maria March hirugarren sailkatuari. Abadiñar gaztearen orain arteko "lorpenik handiena" dela nabarmendu dute Bidezabaletik.

Laia Cariñanos Estalella bilbotarrak, berriz, 1.000 metroko txapelketa irabazi zuen. Finalerdian "burutsu" lehiatuz lortu zuen sailkapena, finalerako "indarrak gordez". Finalean bere azkeneko 100 metroak itzelak izan ziren aurretik zituen denak aurreratuz, eta beste guztiei gutxienez segundo bateko aldea ateraz. Bere denbora, 2.53.02, Espainiako inoizko bosgarren denborarik onena da 16 urtez azpiko mailan.

Pistan ez ezik, krosean ere bikain dabiltza atleta biak. Orain asteburu bi, Iruñean lehiatutako Espainiako kros txapelketan, Cariñanos azpitxapeldun geratu zen eta Sanchez, laugarren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!