Zapatuan jokatuko dira Abadiñoko esku pilota txapelketa herrikoiaren finalak

Anboto 2023ko mar. 9a, 08:57

Zelaietako pilotalekuan jokatuko dira partiduak.

Atxtxiki pilota elkarteak egun osoko festa antolatuko du.

Zapatu arratsaldean —17:30— Abadiñoko esku pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte Zelaietako frontoian. Azaroan hamasei eta hamalau bikotek ekin zieten lehen eta bigarren mailako txapelketei, hurrenez hurren. Ligaxkako partiduak, finalaurdenak eta finalerdiak igarota, lau bikote heldu dira finaletara. Jaialdia Ander eta Beñat Rico anaien eta Markel eta Jon bikoteen arteko norgehiagokagaz hasiko da, bigarren mailari dagokiona. Ostean, lehen mailako partidua: Unai-Txaber bikotea Aitor-Ander bikotearen aurka arituko da. Lehen mailan pilotan federatuta dauden herritarrek hartu dute parte gehienbat. Bigarren mailan, ostera, federatuta ez daudenek.

Egun osoko jaia

Finalaren egunerako, Atxtxiki pilota elkarteak giroa alaituko du. 12:00ak aldera, txistulariak Zelaieta auzoko kaleak girotzen hasiko dira, eta eguerdian herri bazkaria antolatuko dute, frontoian bertan. 80 bat lagun daude izena emanda bazkarirako. Mikro librearen ostean hasiko dira finalak, zeintzuek gonbidatu bereziak izango dituzten. Izan ere, partiduetako eta partidu arteko atsedenaldietan Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak publikoa zein pilotariak animatzen ibiliko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!