Maxi Trail lasterketan, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu zen emakumeetan, bigarren urtez jarraian. Aurten, 6.51.58ko denboran egin du 58 kilometro eta 7.000 metroko desnibel metatua dituen ibilbidea. Ia hogei minutu jan dizkio iaz egindako denborari eta korrikalari abadiñarra pozik dago egindako lasterketagaz. "Hain lasterketa luzeetan ez dago jakiterik zelan erantzungo duten buruak eta gorputzak, eta halakoetan proba amaitzea izaten da nire helburu nagusia. Hasieratik eroso eta indartsu ikusi dut neure burua eta itzelean gozatu dut kilometro guztietan. Gainera, iazko nire denbora hobetu dut eta oso gustura geratu naiz", adierazi zuen Azkorbebeitiak.
Korrikalari abadiñarrak hasiera-hasieratik hartu zuen lasterketa burua eta kilometroak egin ahala handitzen joan zen aldea. Bere esanetan, bere aita zena une oro gogoan izan zuen (iazko abenduan hil zen) eta berari eta amari eskaini die gaurko garaipena: "Neurri handi batean, aitari eskerrak nabil mendi lasterketetan, aitak eta amak erakutsi zidaten mendia maite izaten, eta biei eskaintzen diet gaurko garaipena".
Cristina Santurino sailkatu zen bigarren emakumeetan (7.48.08), eta Aida Campos hirugarren (7.50.31). Gizonetan, Rubén Dieguez korrikalariak irabazi zuen (6.15.25).