ETB1-ek 'Harri Herri' harri-jasotzaileen saio berria grabatuko du Abadiñoko probalekuan, zapatuan

Anboto 2023ko mar. 2a, 11:25

Saioan parte hartuko duten harrijasotzaileak.

Sarrera doakoa da eta grabazioa 18:30etik 23:30era izango da.

Abadiñoko Probalekuak ETB1eko 'Harri Herri' saio berriaren grabazioa hartuko du, zapatu honetan, martxoak 4, 18:30etik aurrera. Saioa jendearentzat irekita egongo da, sarrera doakoa da, eta 23:30ak arte luzatuko da, saio horretako hainbat atal grabatzea aurreikusita baitago.

Zapatuan final aurrekoei dagozkien saio biak grabatuko dituzte. Finala ere Abadiñoko probalekuan grabatuko dute datorren asteko zapatuan —martxoak 11—, 18:30etik aurrera. Ondoren, Abadiñon grabatutako saioak martxoaren 27tik aurrera emango dituzte telebistan, Ane Muruamendiaraz eta Juanan Legorburu kazetariek eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohiak aurkeztuta.

Abadiñon 28 harri-jasotzailek neurtuko dituzte indarrak. Guztira 12 emakume eta 16 gizon ariko dira, lauko taldeetan banatuta: lauko lau talde gizonetan eta hiruko lau talde emakumeetan. Gizonak lau harrirekin arituko dira eta emakumeak hirurekin. Harri-jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin egingo du lan, eta denbora jakin bat izango du horretarako.

Lau harriekin egindako lanak denbora pilatzeko balioko du: jasoaldi bakoitzako segundoak irabaziko dituzte. Ondoren, azkenengo saio batean, pilatutako denbora hori harri baldar bat jasotzeko erabiliko dute eta harri hori gehienetan jasotzen duten taldeak sailkatuko dira finalera. Harri-jasotzaileek ez dituzte ezagutzen harri baldarrak, egunean bertan ikusiko dituzte aurrenekoz. Mutilek jasoko duten harriaren izana 'harri' deitzen da, 132 kilokoa. Emakumeek jasoko duten harriaren izena 'herri' da, 73,5 kilokoa.

Argiztapenan bereziagaz eta musikagaz girotutako saioak izango direla nabarmendu dute saioko ekoizleek eta platoak tatami beltz baten itxura izango du.

GIZONEN TALDEAK

  • ALBIZURI
    Talde burua: Luis Mari Telleria
    Harri-jasotzaileak: Aimar Irigoien (200 kiloko koadroa), Hodei Iruretagoiena (137,5 kiloko kubikoa), Beñat Telleria (125 kiloko kopa) eta Andoni Iruretagoiena (100 kiloko bola).

  • IGELDO
    Talde burua: Izeta II.a
    Harri-jasotzaileak: Iñigo Eizagirre (200 kiloko koadroa), Gari Garmendia (137,5 kiloko kubikoa), Claudio Bazga (125 kiloko kopa) eta Iraitz Arruti (100 kiloko bola).

  • ETXAURI
    Talde burua: Joseba Ostolaza
    Harri-jasotzaileak: Jokin Eizmendi (200 kiloko koadroa), Aimar Galarraga (137,5 kiloko kubikoa), Imanol Royo (125 kiloko kopa) eta Paulo Azpiazu (100 kiloko bola).

  • LAUKARIZ
    Talde burua: Zelai II.a
    Harri-jasotzaileak: Xabier Aranburu (200 kiloko koadroa), Jon Unanue (137,5 kiloko kubikoa), Xabat Olaizola (125 kiloko kopa) eta Gorka Etxeberria (100 kiloko bola).

EMAKUMEEN TALDEAK

  • MOLLARRI
    Talde burua: Izeta II.a
    Harri-jasotzaileak: Lur Errekondo (88 kiloko koadroa), Maddi Gesalaga (63 kiloko zilindro zaharra) eta Nerea Arruti (50 kiloko bola).

  • IBIUR
    Talde burua: Luis Mari Telleria
    Harri-jasotzaileak: Aroa Sanchez (88 kiloko koadroa), Ainitze Zumeta (63 kiloko zilindro zaharra) eta Amalur Arbelaitz (50 kiloko bola).

  • ERGOBIA
    Talde burua: Zelai II.a
    Harri-jasotzaileak: Karmele Gisasola (88 kiloko koadroa), Lierni Osa (63 kiloko zilindro zaharra) eta Garazi Arruti (50 kiloko bola).

  • ULIA
    Talde burua: Joseba Ostolaza
    Harri-jasotzaileak: Udane Ostolaza (88 kiloko koadroa), Patricia Martin (63 kiloko zilindro zaharra) eta Olaia Esnaola (50 kiloko bola).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!