"Etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantzak aldaketak behar ditu eraginkorra izateko. Orain arteko datuek argi adierazten dute, izan ere, 2020an pertsona bakarrak jaso zituen laguntzak, eta 2021ean bik. Eta horri irtenbidea emateko helburuarekin, ondorengoa proposatuko dugu otsaileko osoko bilkuran", adierazi dute EH Bilduko kideek. Alde batetik, 2023-2024 epealdian, Abadiñoko etxebizitza plana diseinatzea eskatuko dute. Eta oposizioko taldearen hitzetan ondorengo aspektu hauek garatu beharko lirateke: Abadiñoko herritarrek etxebizitza alorrean dituzten beharrizanak, herrian dauden etxebizitza hutsen zentsoa eguneratzea, etxebizitza hutsak erabilgarri jartzeko neurrien definizioa, alokairuzko udal etxebizitzak sortu edo izateko bideragarritasuna aztertzea eta herritarrentzako eskuragarri jarri daitezkeen laguntzak garatzea.
Bestetik EH Bildukoek etxebizitza plana diseinatu eta martxan jarri bitartean, alokairua ordaintzeko diru-laguntzen udal ordenantza berrikusi eta aldatzea eskatuko dute.