Bizkaiko Foru Aldundiak 120 plaza izango dituen nagusien egoitza bat eraikiko du Abadiñon

Anboto 2023ko ots. 17a, 10:01

17 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatuko du eta 2027rako amaitzeko asmoa dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak nagusien egoitza bat eraikiko du Abadiñon mendekotasuna duten adinekoentzat, Abadiñoko Udalak ohar batean informatu duenez. Zelaietan, Gorabide egoitzarako bidean dagoen lursail batean egingo dute (albisteko argazkian, ezkerraldean ikusten den eremuan), Kanterriketa legez ezagutzen den inguruan. Egoitza 2027rako amaitzea itxaroten dute eta 17 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatuko du.

Azpiegitura berrian 120 plaza egongo dira bizikidetza-unitateetan banatuta, eta unitate bakoitzean 25 pertsona biziko dira gehienez. Horrela, mendetasunean dauden adinekoen egungo eta etorkizuneko beharrizanak asetu dura dituzte dira, Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillok esan duennez. “Egoitza-sarea eraldatzen ari gara laguntza behar duten pertsonei erantzun pertsonalizatua emateko. Halaber, egungo eta etorkizuneko beharrizanak aintzat hartuta, gizarte-azpiegituren sare egokia eta orekatua sortzen ari gara”.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Elixabete Etxanobek administrazioen arteko lankidetza goraipatu du. "Eskerrak eman nahi dizkiot Abadiñoko Udalari egoitza berria 2027rako amaituta egoteko lan egiteko prest egoteagatik". Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalek, berriz, adinekoen onura euren "lehentasuna" dela azpimarratu du. "Horregatik buru-belarri lan egiten dugu arloko eskumenak dauzkaten administrazioekin haien bizi- kalitatea hobetzeko. Oso pozik gaude udalerrian azpiegitura berria edukiko dugulako".

Egoitza-eredu berriaren helburuak dira, besteak beste, arreta pertsonalizatuagoa ematea, egoitza komunitatera zabalik egotea, eta laguntza behar duten pertsonen beharrizanak, nahiak eta itxaropenak betetzea. Durangaldean dagoeneko badaude horrelako egoitza gehiago: Elorrion, Otxandion eta Durangon. 

Egoitza berria Azpiegiturak sozietate publikoak eraikiko du. Proiektu honen zati bat Next Generation EU funtsarekin finantzatuko da, Estatuko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!