Bizikletentzako aparkaleku seguru bat jarriko dute Abadiñon

Anboto 2023ko ots. 7a, 12:30
Patxo Campo, Miguel Angel Gomez Vilar, Mikel Garaizabal eta Javi Crespo.

Eskualdeko lehenengo 'Bizipark'a izango da. 24 orduz egongo da erabilgarri, urteko egun guztietan. Abadiñoko Udalak gune hau egiteko hitzarmena sinatu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin.  

Urte amaierarako Abadiñok bizikletentzako aparkaleku segurua izango du, Traña-Matienako tren geltokiaren ondoan. Mikel Garaizabal alkateak jakitera eman duenez, udalerrian mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzen jarraitzeko bidea da hau. "Erakundeen arteko lankidetzak, berriz ere, beharrezko ekipamendu berri hau izatea ahalbidetuko digu. Abadiñon bizikleta erabiltzeko kultura daukagu, baina administrazioei dagokigu azpiegiturak eta segurtasuna eskaintzea. Biziparka tren geltokiaren ondoan egongo da eta horrela bizikleta eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea ahalbidetuko du", gaineratu du alkateak. 

Gutxienez 24 bizikletarentzako aparkalekua izango duen guneak hainbat ezaugarri izango ditu: sarbideak kontrolatzeko sistema eta kudeaketarako softwarea -internet bidezko konexioa barne-, barneko argiztapen iraunkorra eta kameren bidezko zaintza-sistema, besteak beste. 

"Esperientziak erakusten digunez mugikortasun aktiboa sustatzeko helburuan aurrera egiteko modu ona da horrelako guneak sortzea eta pozik gaude Abadiñon horrelako bat sortzeaz", adierazi du Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak. Abadiñoz gain, Bizkaiko beste hainbat herrik ere bat egin dute aparkaleku seguruen sarearekin: Ermuak, Barakaldok, Gueñesek, Deriok, Bermeok eta Zallak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!