Gorabideko langileek elkarretaratzea egin dute Abadiñon

Anboto 2023ko ots. 3a, 12:34

Otsailaren 8an grebara deitu dute Gorabideko langileek "hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko". Grebaren atarian, elkarretaratzea egin dute Abadiñon, San Blas azoka dela baliatuta. LABek, ELA-k eta ESK-k osatzen duten Enpresa Batzordeak deitu du elkarretaratzea. 

Gorabide adimen desgaitasuna duten pertsonen familiek osatutako elkarteko langileek grebara deitu dute otsailaren 8an, "enpresaren zuzendaritzaren inposaketa eta negoziaziorako borondate ezaren aurrean". Blokeoari erantzuteko, "gutxienekoen plataforma" bat proposatu dio Enpresa Batzordeak; plaforma horren aldarrikapen nagusiak KPIaren gutxiengoa (erosteko ahalmenari eutsiko dioten soldata igoeren bidez), zuzeneko arretan %40tik gorako behin behinekotasuna gutxitzen duten neurriak, lan egonkorra eta kalitatezkoa, eta plantila osoarentzako kontziliazio neurriak dira. Horrez gainera, akordio bat lortu artean "beharrezkoak diren greba egunak deitzen" jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. 

Enpresak 37 zerbitzu kudeatzen ditu Bizkaia osoan, eta 600 langile inguru baino gehiagok osatzen dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!