San Blasetako nekazaritza azokak 76 ekoizle eta 160 abelburu bilduko ditu Abadiñon otsailaren 3an

Anboto 2023ko urt. 25a, 13:11

Gaur goizean aurkeztu dute 2023ko San Blas azoka eta jai horren bueltako egitaraua. 

Abadiñok San Blas azoka ospatuko du otsailaren 3an; aurten, gainera, ohiko formatuagaz. Udaletik jakinarazi dutenez, aurten inoiz baino postu gehiago egongo da. Guztira, 76 ekoizle izango dira Abadiñon, eta 160 abelburu. "Iazkoa proba bat izan zen, murrizketekin egin behar izan genuen azoka eta oso ondo irten zen. Aurten, ostera, ohiko formatura bueltatuko gara, murrizketarik barik. Poz-pozik gaude", azaldu zuen Mikel Garaizabal alkateak, asteon azoka aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak eurentzat ere "pozgarria" dela aitortu du. "Pozgarria da berriro hemen egotea. Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintza azokarik garrantzitsuenetarikoa da Abadiñokoa. Dudarik barik eskualde honetako zitarik garrantzitsuena", adierazi zuen Sarasolak.

Aurten ere, azokaren esparru nagusia Zelaietako trinketeko aparkalekuan egongo da. Bertan, nekazaritzako merkatua egongo da eta 76 ekoizle batuko dira: gazta, eztia, ogia eta gozogintza, baratzeko produktuak eta fruta, txerrikia eta kontserbak egongo dira, besteak beste. Txanporta plazak artisautza azoka hartuko du. Bertan, 26 erakusle elkartuko dira: larruzko postuak, bitxigintza, kosmetika natura, ekoizpen artisau eta jasangarriko arropa eta abar. 

Ganaduarentzat hiru karpa ipiniko dituzte. Karpa batean Abadiñoko ganaduzaleak egongo dira; beste karpa batean arraza ezberdinetako behiak, ardiak eta pottokak egongo dira; eta azken karpa "ganadu libreentzat" izango da, adierazi dutenez.  Horrez gainera, Gaztañodi parkeak nekazaritzako makineriaren gunea hartuko du.

"Abadiñar guztiak daude gonbidatuta San Blas azokara etortzeko, baita etorri gura duen mundu guztia ere. Eskuak zabalik hartuko zaituztegu", gaineratu du Javier Crespo alkateordeak. Bestalde, Traña-Matienatik Zelaietara autobusa joan-etorrian ibiliko dela jakinarazi dute. 9:00etatik 16:00ak bitartean. 

Martins Licis indar atleta

San Blas eguneko azokaz gainera, egitarau zabala antolatu dute Abadiñon. Eta aurten, gainera, erakustaldi berezi bat egongo da. Otsailaren 5ean, harri jasotzaileen erronka bat egongo da Abadiñoko probalekuan, eta bertan Martins Licis eliteko atleta kaliforniarrak parte hartuko du. Kaliforniako kirolaria Strongman lehiaketa garrantzitsuan urrezko eta zilarrezko dominak eskuratutakoa da, baita World Strongest Man txapelketan ere. "Licis munduko titulurik garrantzitsuenak dituen kirolari da, bai indar estatikoan bai indar dinamikoan. Gainera, indarragaz erlazionatutako euskal kiroletan interesa du eta gure azoka eta gure probaleku ospetsua ezagutzera gonbidatu dugu", gehitu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!