Proiektu "pertsonala" da Iturriaga abadiñarrarentzat. "Etxean talde hau sortzeak ilusio berezia egiten dit eta eskerrak eman gura dizkiot Abadiñoko Udalari laguntzagatik", adierazi du gaur goizean Gerediagako ermitaren ondoan egindako aurkezpenean.
Iaz 4tik 14 urtera arteko umeei begirako Eneicat Abadiño eskola sortu zuten eta aurrera begira kadeteen eta juniorren taldeak sortzea dute helburu. Modu horretara, egitura berean umetatik nagusietara heltzeko katea osatuko lukete. "Durangaldeko umeei bizikleta probatzeko eta gustatzen bazaie bertan jarraitzeko oinarriak eskaintzea da gure helburua", adierazi du Iturriagak. Une honetan, Eneicat Leongo (Gaztela eta Leon) taldea da, baina etorkizunean Abadiñora ekarri gura dute.
23 urtez azpiko talde berriak gazteetatik nagusietarako salto handia leuntzea du helburu. "Sarritan, 18 urteko bati 30eko bati exijitzen zaion berdina eskatzen zaio eta hori ez dago ondo", dio Iturriagak. Bost txirrindularigaz ekin diote bideari. Hauetxek dira: Olatz Camino, Euskaldun Torneoa irabazia duen laudioarra; iaz munduko txapelketan parte hartu zuten Almudena Morales eta Carolina Vega madrildarrak; ziklo-krosetik datorren Lidia Pinto asturiarra; eta iaz profesionaletan aritu zen Marta Rosillo gaztela-leondarra. Lehenengo hirurek 18 urte dituzte eta beste biek 19 urte. Urtearen erdian Leire Azpitarte iurretarra gehituko zaie taldera. "Etorkizunean hemengo txirrindulariekin osatutako etxeko taldea izatea gura dugu", adierazi du Iturriagak.
Aurten Euskaldun Torneoan eta Espainiako Kopan parte hartuko dute eta nazioarteko beste lasterketa batzuetan aritzeko asmoa ere badute.