Kafe baten bueltan jarrita, garai bateko kontuei buruz patxadaz eta lagunartean berba egin. Abadiñoko herritar talde batek ezaugarri horiek dituen egitasmoa ipini du martxan: Ateneo Ibiltaria. Lantzean behin herriko gaiei buruz berba egiteko batu gura dute, lagunartean tertulia egin eta bide batez memoria ariketa bat eginda. Halantxik, Ateneo Ibiltariak urtarrilaren 25ean egingo du bere lehenengo geldialdia. Abadiñar talde bat Abarketeruena tabernan batuko da arratsaldeko 19:00etatik aurrera, garai bateko San Blas jaiei buruz berba egiteko. Zehazki, 1960ko hamarkada bukaerako sanblasak aletu gura dituzte urte hartan protagonista izan ziren hainbat herritarren testigantzekin. Egitasmoaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez, orduko sanblasak mugarri izan ziren. Urte haietan, 1967an, inauguratu zen Abadiñoko probalekua eta urte haietan berrantolatu ziren baserritarren salmenta postuak. Ekitaldi publikoa da Ateneo Ibiltaria. Interesa duen edozein herritar gerturatu daiteke saiora.