Alicia Gallardo De norte a sur elkarteko zuzendariaren koreografia bategaz, Abadiñoko Probalekua zezen-plaza bihurtuko da egun batez. Leyenda no me olvides ikuskizuna estreinatuko dute bertan, hain zuzen ere, urtarrilaren 14ean. Leyenda ikuskizunean parte hartuko duten bi zaldietako bat da -bestea Ebano deitzen da-, eta istorioaren abiapuntua, ume baten eta zaldi horren artean sortzen den harremana da. Gallardoren berbetan, emanaldia erronka handia izaten ari da. "Animaliekin lan egitea ez da erraza, baina jendea oso gogotsu dago". Logistikoki ere, erronka handia da ikuskizuna, izan ere, bi zaldizkoez gainera, hogei bailaore eta dozena erdi musikarik ere parte hartuko dute. Sarrerak eskuragarri daude Errota kultur etxean eta Udal mediatekan, zortzi euroan.
Ekitaldiaren ideia, Abadiñoko Udalak San Miguel de la Ribera (Zamora, Espainia) herrira egindako bisitan dago; bi herriak senidetuta daude. Bertara egindako bisita ofizialean zaldi ikuskizun bat ikusi zuten, eta hor sortu zen Abadiñora antzeko ikuskizun bat ekartzeko aukera. Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak ekitaldiaren tamaina nabarmendu du. "Apostu garrantzitsua da udalarentzako, jendeari muntaia original bat eskaintzeko herriko pertsona asko lanean ari baitira; formatu handiko ikuskizuna izango da, Probalekurako beren beregi sortua". Javier Crespo alkateordeak, ostera, proiektuak piztutako ilusioa nabarmendu du. "Ez genuen dudarik izan hasieratik; elkartearen konpromisoa, udalerrian duen inplikazioa eta bere jarduera maila ezagututa".