Lege Zaharrean: lanbideak galzorian liburua kaleratu duzu. Zertaz doa?
Argazki liburua da, lanbide tradizionalen ingurukoa. Bertan hainbat lanbide jorratzen dut, 26 guztira. Eta gauzak sinplifikatze aldera, bost ataletan banatu ditut: baserriko lanbideak, basoko lanbideak, tailerreko lanbideak, hiriko lanbideak eta itsasoko lanbideak. Liburuan lanbide piloa dago: karegintza, arotzeria, uztarrigintza, zahatogintza eta alga bilketa, besteak beste. Lanbiderik gehienak, horietariko artisaurik gehienak, bizkaitarrak dira. Baina Bizkaian topatu ezin izan ditudan lanbide batzuk, esaterako, Nafarroan topatu ditut.
Zer kontatu gura izan duzu lan honegaz?
Ez da liburu artistiko bat, liburu dibulgatibo bat da. Horixe da lan honen filosofia. Lanbide tradizionalak jasotzeko zaletasuna izan dut beti, kuriositatea gehiago jakiteko, eta lan honetan lanbide horiek jaso gura izan ditut. Lanetako teknika eta prozesuak baino gehiago, lanbide horietako giroa eta atmosfera jaso gura izan ditut. Hala ere, kasu batzuetan prozesuak ere nahiko zehatz agertzen dira.
Bestalde, nahiz eta argazki liburu bat izan, lanak beste osagai bat ere badu. Eta osagai hori hitza da. Artisau, baserritar zein langileekin egon naizenetan, euren datuak, lanbidearen azalpen orokorra eta lanbideko hizkera ere jaso ditut. Ahalik eta zorroztasunik handienagaz egiten ahalegindu naiz.
Zein sasoitan ateratako argazkiak dira?
Hiru hamarkadatan ateratako argazkiak jasotzen ditut. 90eko hamarkadan hasiko nintzen gutxi gorabehera lanbideak fotografiatzen; astiro-astiro hasi nintzen, tenplau. Azken argazkiak aurten atera ditut, 2022an.
Zer suposatzen du zuretzat liburu honek argia ikustea?
Alde batetik, kajoian lo egon den lan bat berpiztu egin da, eta, beste alde batetik, fase bati amaiera ematen diot. Pozgarria ere bada denbora asko eman duzun lan bat amaituta ikustea, txukun argitaratuta ikustea. Gainera, kontu honetan hartu-eman estuak ere sortu ditut askogaz.
Durangoko Azokan aurkeztuko duzu lana, Talaian, abenduaren 11n. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Urduritasuna batez ere, jende aurrean agertze horrek asko urduritzen nau eta. Azken batean, gurea ezkutuko lan bat da eta kamera atzetik aurrera pasatuko gara, eta horrek, Durangoko Azokan lana aurkezteak, beste gauza batzuk eskatzen ditu: jendaurrean aritzea, berbetan etorria izatea eta gaiari buruz asko jakitea, besteak beste.
Baina, beste alde batetik, niretzat Azoka oso plaza garrantzitsua da; beraz, bertan egotea ezinbestekoa da, egin beharreko lan ba