San Blas azokan postua jarri gura dutenek abenduaren 30era arte izena emateko aukera dute

Anboto 2022ko abe. 5a, 14:18

2023an San Blas azokak formatu tradizionala berreskuratuko duela iragarri du Abadiñoko Udalak. 

Abadiñoko Udalak 2023ko San Blas azokan parte hartuko duten postuetarako izena emateko epea ireki du. Elikagaietarako, artisautzarako, erroskiletarako, talo-postuetarako, landareetarako edo nekazaritzako makineriarako izen-ematea udalaren webgunearen bidez egin daiteke. 

Bestalde, udaletik jakitera eman dute 2023an azokak formatu tradizionala berreskuratuko du. Esparru nagusia trinketeko aparkalekuan egongo da. Bertan egongo dira nekazaritza azoka eta landareen gunea. Ferialekuan talo eta erroskilak egongo dira, trinketearen atzealdean karpa irekiak jarriko dira abeltzaintzako erakusketarako eta nekazaritzako makineriaren gunea Gaztañodi parkean egongo da. 

"2023an San Blas azoka bere osotasunean berreskuratuko dugu, mugak atzean utzita, lehen sektoreko festa nagusia ospatzeko. Hori guztia betiko kultur programazioarekin eta kale animazioarekin lagunduko dugu", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!