Traña-Matienako pilotalekuak Bizkaiko Sokatira Txapelketako jardunaldia hartuko du zapatuan

Anboto 2022ko aza. 30a, 10:40
Abadiñoko tiralariak tiraldi batean (Artxoboko irudia).

Bizkaiko hiru taldek parte hartuko dute goma gainean: Abadiñok, Goiherrik, eta Gaztedik.

Traña-Matienako pilotalekuak goma gaineko 580 kilora arteko Bizkaiko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia hartuko du zapatuan (abenduak 3), 18:00etatik aurrera.

580 kiloko kategoria misto horretan Bizkaiko hiru talde lehiatuko dira, bakoitza zortzi tiralariz osatua. Abadiñok hiru talde izango ditu, Gaztedik bi eta Goiherrik bat. Abadiñokoaren ostean, hirugarren eta azken jardunaldia faltako da txapelketa amaitzeko: abenduaren 17an Elorrion lehiatuko dena.

Umeentzako herri kirolak

Egun berean baina Bizkaiko txapelketaren aurretik, 16:00etan, umeentzako herri kirol jarduerak antolatuko dituzte Traña-Matienako pilotalekuan. Umeen artean herri kirolerako zaletasuna sustatzea da helburua. Lokotx-batzea, ingude-jasotzea, giza-proba, txinga-eroatea eta sokatira probatzeko aukera egongo da, besteak beste.

Euskal Joko eta Kirolen Federazioak eta Abadiñoko Sokatira Taldeak antolatuta, Abadiñoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du zapatuko ekitaldiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!