Atxarteko harrobitik eraman diren harri blokeen auzia ikertzeko eskatu du Abadiñoko EH Bilduk

Anboto 2022ko aza. 29a, 15:35
Naiara Bildosola eta Mikel Urrutia

Gaur eguerdian EH Bilduko Mikel Urrutiak eta Naiara Bildosolak prentsaurrekoa eman dute Atxarteko Harrobian. Bestalde, gai honen inguruko mozioa udalean erregistratu dutela jakitera eman dute. Gaur arratsaldeko osoko bilkuran eztabaidatuko da mozioa. 

Gaur eguerdian Abadiñoko EH Bilduk prentsaurrekoa eman du Atxarteko Harrobian. "Norbanako batek urriaren 20an grabatutako bideo batean ikusten zen Atxarteko kanteran harri blokeak kargatzen eta garraiatzen ibili zirela. Hori ikusita udaleko bulego teknikoko hainbat langile egoeraren jakitun jartzen ditugu, eta inolako eskaerarik ez baimenik ez dagoela erregistratuta adierazten digute", azaldu dute EH Bilduko kideek. Horrez gain, oposizioko taldeak jakitera eman du, alkateak udaltzaingoari agindua ematen diola Atxartera joateko eta gertaera ikertzeko. 

Bestalde, geratakariaren inguruko hainbat zalantza argitzeko azaroaren 15eko Hirigintza Batzordean ikerketaren inguruan galdetu zutela, eta "antza enpresak bazuela baimena harriak hartzeko", esan zietela jakitera eman dute. 

Hori horrela eta "hainbat zalantza argitzeko" daudenez, eta "inolako dokumenturik ageri ez denez", ikerketa bat abiatzeko eskatu du EH Bilduk. "Udalak arduraz jokatu behar du, eta txosten juridiko bat egin beharko luke auzia argitzeko. Gu gai honekin oso arduratuta gaude", jarraitu dute. Gainera, gaur arratsaldean, osoko bilkuran aurkeztuko duten mozioan hiru eszenatoki posible eta bakoitzerako hainbat galdera zehaztu dituztela jakitera eman dute: lehenengo eszenatokian hainbat galdera ageri dira, udalak harriak hartzeko baimena eman badu argitzeko. Bigarren eszenatokia, udalak ez badu eman harriak hartzeko baimena izango litzateke. Eta azken eszenatokia, Bizkaiko Foru Aldundiak baimenik ere ez badio eman enpresari izango litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!