“Mamadou Diaren testigantzaren modukoak gizarteratzea garrantzitsua da; horrelakoak ezagututa errazagoa da ingurua ulertzea”

Anboto 2022ko aza. 26a, 10:30

Mamadou Diaren '3052' liburua euskaratu du Itziar Larrinaga abadiñarrak; KCD Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz kaleratu du euskarazko bertsioa

3052 kilometrok banatzen dituzte Dakar eta Murtzia, eta, hain zuzen ere, horixe da Mamadou Dia senegaldarrak bere bizipenak kontatzen dituen liburua izendatzeko erabilitako erreferentzia. Orain hamar bat urte kaleratu zuen ‘3052’ liburua. Lagun bati berba eman zion, Europarako bidaia burutuz gero, liburu batean kontatuko zuela, “eurek jakiteko zelako bidaia izan zen”. Ordutik, Diak berbaldiak ere eman ditu ikastetxeetan. Itziar Larrinagak hemen berdina egin zitekeela iritzita, liburua euskaratu zuen “2018-2019 inguruan”. Urrian kaleratu zuen KCD Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Cine Invisible zine jaialdiaren barruan.

Zergaitik erabaki zenuen '3052' euskaratzea?
Mamadou Dia Benicássimen egiten den Rototom musika jaialdian ezagutu nuen orain urte batzuk. Bertako gune bateko arduraduna zen; bera eta berak lan egiten zuen Gobernuz Kanpoko Erakundea ezagutzen nituen, eta lan itzela egiten dutela iruditzen zait. Besteak beste, Nerea Pérez Arrospide euskal herritarragaz [kooperantea zen. 2015ean hil zen, auto istripuan] batera, kultur etxea eraikitzeko proiektua zuen. Eta liburua ere ezagutzen nuen. Gaztelaniazko bertsio hori eskola eta institutuetan zabalduz lan itzela egiten zebilen Dia, eta pentsatu nuen hemen euskaraz berdina egin zitekeela. Ni euskara irakasle ohia izanda, pentsatu nuen, zergaitik ez dut neuk euskaratzen?

Bestalde, gida didaktiko bat eta bestelako materiala ere badago liburuaz gainera, aurkezpenetarako. Mamadou Senegalen bizi da, baina hartu-eman handia du Euskal Herriagaz. Urtarril eta otsail inguruan hona aurkezpenak egitera etortzea da asmoa.

Mamadou ezagututa ere, zelako erronka izan da zuretzat itzulpena egitea?
Erantzukizun handia izan da niretzat, eta baita erronka ere. Berak bere berbekin adierazi gura zuen hori hartu, eta bere bizipen horiek neure hizkuntzara ekarri ditut. Berak transmititu gura zuena adieraztea lortu behar nuen. Mamadouk berak ere duda eduki zuen hasieran, liburua berak idatzi edota beste norbaitek idaztea. Baina berak idaztea erabaki zuen. Desberdina da norberaren bizipenak norberak azaltzea, edo beste bati azaldu ostean hark idaztea. Bera ausartu zela ikusita, niri errazagoa egin zait. Beste duda bat ere eduki zuen, gaztelaniaz ala frantsesez idatzi; gaztelania bazekien ordurako, eta frantsesa eskolan ikasi zuen. Gaztelaniazkoa irakurtzean, ikusten da ez dela idazle profesionala, baina asko hausnartu ostean, berak hori erabaki zuen.

Istorio gordina kontatzen du.
Bidaiako pasarteak oso gogorrak dira. Lagungarria egin zait inguruan horrelako esperientziak bizitako jendea edukitzea.

Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako 'Miñan' liburuak sona handia lortu du. Laguntzen du horrelako testigantzak ezagutarazteak?
Horrelakoak gizarteratzea garrantzitsua da. Guk gure kultura eta gure ingurua ezagutu ditzakegu, eta horri eskerrak ingurua ulertu. Baina horiek bakarrik ezagututa, gatx egiten zaigu besteak ulertzea. Antzeko beste liburu bat irakurri nuen eta protagonistak bertan aipatzen zuen ariketa egin zuela idatzitakoa ahazteko. 

Inguruan jatorri afrikarreko jende gehiago dugu, hainbatek horrelako esperientziak biziko zituzten, baina, ezagutzen ditugu?
Ezetz esango nuke, izan ere, horretarako denbora tarte bat hartu behar baikenuke. Entzuteko. Baina gure bizimodu arin honetan ez dugu horretarako denborarik hartzen. Eta horrelako zerbait bizi izan duen norbait gertu egonda ere, ez genuke jakingo ez dugulako galdetzen; izan daiteke ez kontatzea ere, istorio gordinak direlako. Esango nuke ausartenek baino ez dituztela horrelakoak kontatzen, askotan familietan ere ez direlako ezagutzen. Mamadouk promesa bat egin zuen, bidaia amaituz gero liburu batean idatziko zuela: 'Bidaia honetatik bizirik ateratzen banaiz, liburu batean idatziko dut, zuek jakin dezazuen zelakoa izan den'. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!