Abadiñoko ziklokrosak 700 txirrindulari inguru batuko ditu asteburuan

Anboto 2022ko aza. 23a, 10:21
Sandra Trevilla Abadiñoko ziklo-kros batean. (Artxiboko irudia)

Zapatuan Txiki Kopa eta umeentzako Bizkaiko ziklo-kros txapelketa egingo dituzte. Domekan kadeteetatik Master mailakora arteko ziklisten txanda izango da.

Abadiñoko Ziklokros Sariak zortzigarren edizioa egingo du asteburu honetan. Mailaz maila, 700 txirrindulari inguru batzea itxaroten dute Muntsaratzeko zirkuituan.

Ekimena egun bitan banatuko dute Abadiño Muntsaratz Txirrindulari Kirol Klubeko antolatzaileek. Zapatua umeei bideratuta egongo da. Txiki Kopa nahiz umeentzako Bizkaiko ziklo-kros txapelketak egingo dituzte benjamin eta kimu mailetan eta haur-kategorian. Probak 11:00etan hasiko dira. "Kirolarekin konprometituta gaude, eta, aldi berean,umeei eta gazteei emakume kirolarien erreferentziak eskaini gura dizkiegu; asteburuan, horiek diziplina gogor eta lehiakorrean ikusteko aukera izango dugu", azpimarratu du Patxo Campo udaleko kirol zinegotziak.

Domekan kadeetatik master mailara artekoen txanda izango da. 09:30ean, master mailakoen lasterketa hasiko da. Ondoren, 10:30ean, kadeteen txanda izango da. 11:30ean, emakumeen eliteko eta 23 urtez azpiko lasterketari ekingo diote; baita junior mailako mutilen probari ere. Azkenik, 12:30ean, gizonen eliteko eta 23 urtez azpiko lasterketa hasiko da.

Lasterketak 3.079 metroko zirkuituan egingo dituzte; horietatik 271 metro asfaltoan izango dira eta 2.808 metro zelaian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!