Zelaietako peatonalizazio prozesua gelditzeko eskatzeko 700 sinadura erregistratu dituzte Abadiñoko Udalean

Anboto 2022ko aza. 14a, 15:15

Asteon erregistratu dituzte sinadurak Abadiñoko Udalean. Horrez gain, sinadurak batzen jarraitzen dutela jakitera eman dute. 

Zelaietako peatonalizazio prozesua gelditzeko eskatzeko uztailetik urrira bitartean sinadurak batzen ibili dira Abadiñon. Dagoeneko 700 sinadura batu dituzte, eta dagoeneko erregistratu dituzte Abadiñoko Udalean. 

Sinaduraren bultzatzaileek azaldu dutenez, dokumentuan hiru puntu eskatzen zaizkio Abadiñoko Udalari. Lehenengoa, une honetan egiten ari diren peatonalizazio prozesua gelditzea, eta fase berririk ez hastea. Bigarrena, Zelaietarako mugikortasun plana birformulatzea. Eta hirugarrena, eta azkena, Zelaietako peatonalizazio eta mugikortasun planari buruzko parte-hartze prozesuan sortzen diren proposamenak herri galdeketara eramatea. 

Orain arte batutako sinadurak aurkeztu dituzten arren, sinadurak batzen jarraituko dutela azaldu dute. Eta herritarrek horretarako aukera izango dute Zelaieta eta Muntsaratzeko hainbat denda eta tabernatan, eta baita, lotura honetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!