Gaztelua auzoan hiru katu hilda agertu direla eta Udalak gaitzespen oharra kaleratu du. Abadiñoko Udalak "erabateko konpromisoa" berretsi du "animalien ongizatearenganako eta eskubideen babeserako", eta gertaturikoa "ezelako aringarri barik" gaitzetsi du. "Gazteluko baseliza jabetza pribatukoa bada ere, ezarritako protokoloari jarraituz udal zerbitzuak animaliak jasotzeko esku hartu behar izan du, eta gaur goizean hiru katuen gorpuak berreskuratu ditu. Zerbitzu hori arduratuko da heriotzaren arrazoiak argitzeko ikerketa egiteaz", adierazi dute.
EH Bildu Kalekatuak elkartearen lana baliosten
Bestalde, Abadiñoko EH Bilduk Kalekatuak elkarteak herrian egindako lana "balioan" jarri du. "Izan ere, euren borondatezko lana katuenganako maitasuna eta janaria ematetik haratago doa", azaldu dute. Horregaitik, Abadiñoko katuen kudeaketari dagokionez, eskaera bikoitza egin dute: bata, katuen koloniak kudeatzeko aurreikusi duten aurrekontu-partida handitzea. Eta bestea, Kalekatuak elkartearekin kudeaketarako eta finantziaziorako hitzarmena sinatzea.