[BIDEOA] Abadiñoko hilerrian errautsak uzteko gune berria irekiko dute urtarrilean

Anboto 2022ko urr. 28a, 12:42

Azaroko udalbatzarrean onartu gura dituzte gune berria erabiltzeko tarifak.

Abadiñoko hilerrian prest dago hildakoen errautsak batzeko gune berria eta gaur aurkeztu dute. Martxan jarri aurretik udalbatzarrean onartu behar dira gunea erabili ahal izateko tarifak. Azaroko udalbatzarrera eraman gura dute gaia. Horiek horrela, azpiegitura berria 2023ko urtarriletik aurrera egongo da erabilgarri, udal arduradunek azaldu dutenez. Martxan jartzen denetik aurrera, udaletxean egin beharko da erabili ahal izateko eskaera.

Errautsak botatzeko hobia 4,9 metro luze, 1,4 metro zabal eta 1,2 metro garai da. Errautsak errekarri zuriz osatutako oinarriaren gainean zabaltzen dira eta, jarraian, ur-difusore batzuen bitartez, errautsak hondoan zehar barreiatzen dira, lurrean iragaziz. Hobiaren ondoko harlauza batean hildakoen izenak jartzeko aukera dago.

Mikel Garaizabal alkateak kontatu du hilerri bat baino gehiago bisitatu eta Gasteizkotik hartu dutela 'Errautsen Lorategia' deitu dioten gunea sortzeko ideia. “Oroimenerako sortutako gunea da, errautsek lurrarekin bat egingo duten ingurune eder eta zaindua”, adierazi du Garaizabalek.

Javi Crespo alkateordeak azaldu duenez, “gomendio orokorra hildakoen errautsak hilerrian uztea da; Instalazio hori naturagune zoragarrian egoteaz gainera, horretarako sistemarik egokienak ditu, eta ingurumena babesten laguntzen du".

Errautsak botatzeko guneaz gainera, hilerrian beste lan batzuk egin dituzte: klaustroa, kapera eta errausketa-instalazioa hartzen dituen eraikina margotu dira. Esku-hartze osoak 32.562 euroko aurrekontua izan du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!