Esku pilotan, buruz buru, Ekhi Ziarrustak eta Inhar Ugartek neurtuko dituzte indarrak. Biak Ipar Euskal Herriko zirkuituan dabiltza, goi mailako pilotariak dira eta gaur egun buruz buru ikusi daitekeen partidurik onenetarikoa da euren artekoa. Ipar Euskal Herrian elkarregaz jokatu izan dute sarritan, binaka, baina oraingoan bata bestearen kontra arituko dira. Txapelketa mailakatu egin dutenez, Ugarte zuzenean sailkatu da finalerako. Ziarrustak 40-13 menderatu zuen Santamaria, emoziorik bako finalerdian.
Arrieta, paletako finalean
Gizonen paleta gomako finaleko protagonista bat eskualdekoa da: Durangon bizi den Iñigo Arrieta gasteiztarrak Pablosegaz osatuko du bikotea; Larrarte eta Mutuberria bikote gipuzkoarraren aurka jokatuko dute. Arrietak eta Pablosek latz sufritu zuten finalerdietan Oroz-Bombin bikoteari irabazteko: 30-26.
Azkenik, emakumeen paletan, Amaia Espinal eta Paula Gorostiaga bikote nafarrak Maider Mendizabal eta Leire Galdos bikote gipuzkoarra izango du aurkari. Azken hauek euren esperientzia handia baliatzen ahaleginduko dira oso bikote gaztearen kontrako finalean, baina ez dago faborito argirik.