Alokairuan bizi diren herritarren egoera aztertzeko inkesta egingo dute Abadiñon

Anboto 2022ko urr. 26a, 10:35

Inkestaren helburua alokairu eta emantzipazio arazoen erradiografia bat egitea da, gero, hala badagokio, indarrean dagoen udal-ordenantza egokitzeko. Galdetegia udalaren web orrian egongo da azaro osoan.

Abadiñoko Udalak alokairuan bizi diren herritarren egoera ezagutzeko inkesta egingo du. Galdetegiaren helburua alokairu eta emantzipazio arazoen erradiografia bat egitea da, gero, hala badagokio, indarrean dagoen udal-ordenantza egokitzeko. Udalak jakinarazi du "arreta berezia" ipiniko duela 18 eta 35 urte bitarteko gazteengan. "Etxebizitza eskuratzea emantzipazio prozesuaren oztopo garrantzitsuena" dela iritzita, udalak "alokairua eta etxebizitza-politika sustatzea" erabaki du, "bere eskumenen barruan". Alokairurako laguntzak "ahalik eta pertsona gehienengana iristea" gura du Iñaki Rekaldek, Ogasun, Enplegu eta Ekonomia Sustapen zinegotziak. 

Inkesta azaro osoan zehar egongo da erantzuteko moduan, udalaren web orrian. Hamar galdera izango ditu. Besteak beste, bizikidetza-unitateari, udalerrian erroldatuta egondako denborari, familiako diru-sarrerei, alokairuaren kostuari, kontratu motari edo etxebizitza motari buruzko galderak erantzun beharko dira. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!