Autodefentsa feminista ikastaroa Abadiñon

Anboto 2022ko urr. 24a, 13:47

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Aniztasun Sailak jarduera-programa bat diseinatu du. 

Abadiñoko Udalak autodefentsa feminista eta antzerki ikastaro bat antolatu ditu azarorako. Autodefentsa Feministako bi ikastaro egingo dira emakume heldu eta nerabeentzat. Bertan, eraso matxistak zer diren, zelan jasaten diren, gertaera horren aurreko bizipenak zeintzuk diren eta zelan aurre egin aztertuko da. Ikastaro hauek azaroen 2, 9, 16 eta 23an izango dira, 10:00etatik 12:00etara Txanporta Kultur Etxean. Tailerra erderaz izango da eta Emakumeen Kulturarteko Amalurra Elkarteak eskainiko du. 

Gainera, azaroaren 12an, neska nerabeek, haientzat bereziki diseinatutako Autodefentsa Feministako prestakuntza express batean parte hartu ahal izango dute, Errota Kultur Etxean. Hau 10:00etatik 14:00etara izango da euskaraz. 

"Urteko egun guztietan ari gara lanean emakumeentzat bizitza duina eta segurua izateko oinarrizko eskubidea berreskuratzeko eta indarkeria matxista desagerrarazteko. Emakumeok ez diogu irteteari uko egin behar ezta beldurrez bizi behar ere, eta erantzun bat autodefentsa feminista da”, azaldu du Rosa Miguel Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak.

Ikastaro horiez gain, Errota Kultur Etxeak indarkeria matxista jasan duten emakumeak protagonista dituzten istorioak irudikatzen dituzten bi antzezlan hartuko ditu azaroaren 10ean eta 18an. Nagore Laffagek eta ‘La Manada’ kasuak inspiratu dute Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen “Birritan bortxatua” euskarazko fikzio dokumentaleko antzezlana. Saioa 19:00etan hasiko da. Azaroaren 18an, “Flores en el asfalto” lanaren hiru saio eskainiko dira, 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!