Abadiñoko herritar talde batek egun osoko jaia antolatu du azaroaren 6rako. Egitarauko ekintzarik potoloena Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da. Pailazo ezagunak Zelaietako probalekuan egongo dira 17:30etatik aurrera. Sarrerak eskuratzeko, baina, itxaron egin beharko da oraindik. Urriaren 24an, astelehena, ipiniko dituzte salgai. Traña-Matienako Errota Kultur Etxean eta Zelaietako Mediatekan erosi ahalko dira euro batean (umeak) edo bitan (helduak). Sarrerak erostera gerturatzen den heldu bakoitzak 4 txartel erosi ahalko ditu gehienez.
Dena dela, pailazoena ez da eguneko ekintza bakarra izango. Ikuskizuna baino lehen, 11:00etatik 14:00etara, umeentzako ekintzak egingo dituzte Ferialekuan. Euria bada, frontoian. Horrez gainera, pailazoen ikuskizuna bukatzen denean txokolatada egingo dute.