Oihana Azkorbebeitiak bigarren amaitu du Skyrunner Munduko Kopan

Anboto 2022ko urr. 8a, 19:40

Skyrunner World Series-eko hiru proba irabazita, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra etxeko lanak ondo eginda heldu da Munduko Kopako finalera, Zeanuriko Gorbeia Suzien lasterketara, eta, azkenean, bigarren postua lortu du sailkapen nagusian.

Finalaren aurretik, Azkorbebeitia lider zihoan, baina oso puntu gutxiko aldea zegoen lehenengo lau sailkatuen artean, eta euretariko edozeinek irabazi zezakeen kopa. Oihana Azkorbebeitia bera, Lindsay Webster kanadiarra, Iris Pessey frantziarra eta Maite Maiora mendaroarra izan dira lau hautagaiak. Martina Cumerlato italiarrak ere bazuen kopa irabazteko aukera, baina ez du parte hartu finalean.

"Lehia polita izan dut Webster kanadiarragaz, eta bera laugarren tokian eta ni bosgarrenean igaro gara Gorbeia tontorretik, tarte txikiagaz, baina hortik aurrera  geroago eta alde handiagoa atera dit eta ezinezkoa izan zait harrapatzea", adierazi du Azkorbebeitiak. Webster hirugarren sailkatu da lasterketan (3.51.26), eta Azkorbebeitia zortzigarren (4.03.08).

Lasterketa Noemie Vachon frantziarrak irabazi du (3.49.37), eta Onditz Iturbe igorreztarra sailkatu da bigarren (3.49.53), baina korrikalari bi horiek ez ziren Kopako lehian sartzen, gutxienez lau probatan parte hartu behar zelako aurretik, eta eurak gutxiagotan lehiatu dira. Honelaxe geratu da Skyrunner Munduko Kopako sailkapen nagusia nesketan:

1. Lindsay Webster 465 puntu
2. Oihana Azkorbebeitia 406 puntu
3. Maite Maiora 350 puntu

Azken urteetan, Azkorbebeitia lehenengo hamarren artean sailkatu da Munduko Kopako sailkapen nagusian, (bosgarren 2017an, seigarren 2018an, hamargarren 2019an, hirugarren 2021ean eta bigarren aurten), eta pozarren dago lorturiko emaitzekin: "Skyrunner Munduko Kopa beti izan dut gogoko. Hainbat lagun egin dut han eta hemen, emaitza onak ere lortu ditut, batez ere aurten, 41 urtegaz, eta zenbait lasterketatara familiagaz joateko aukera izan dut. Itzelean gozatu dut eta Zeanuriko sari hau, bigarren postua, irabaztearen parekoa da niretzat".

Ajuria eta Urigoitia lehenengo hamarren artean

Azkorbebeitiaz gainera, eskualdeko beste korrikalari bi ere punta-puntan ibili dira Gorbeia Suzien proban, Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia otxandiarrak. Portugaleko Louzan Skyrace lasterketan lorturiko emaitzari eskerrak lortu zuten Skyrunner-eko finalean sartzea, eta munduko onenen artean lehiatzea ez dela kasualitatea edo zorte kontua izan erakutsi dute gaur. Hasieratik buruko postuetan ibili dira, lotsarik barik, arriskatuta, eta ondo merezitako emaitza lortu dute biek ala biek. Ajuria seigarren helmugaratu da (3.20.31) eta Urigoitia bederatzigarren (3.24.09). Nicolas Molina arineketalari espainiarrak irabazi du proba (3.08.26). 33 kilometroko lasterketa izan da, 2.500 metroko desnibel positibokoa, eta Gorbeia da korrikalariek igo duten mendirik garaiena (1.481 m).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!