Abadiñoko Sokatira Taldeko gazteak "esperientzia zoragarriekin" bueltatu dira Herbehereetako munduko txapelketatik

Joseba Derteano 2022ko urr. 8a, 12:20

Abadiñoko Sokatira Taldeko zazpi gaztek sekula ere ahaztuko ez duten esperientzia bizi izan dute oraintsu. Herbehereetan lur gaineko munduko sokatira txapelketan aritu dira, gehienen kasuan lehenengoz. Honako hauek dira Erandioko Goierri taldeagaz Holte herrian aritu direnak: Olatz eta Irati Abarrategi, Amaiur Uriarte, Xabier Irazola, Asisko Arruabarrena, Maui Mandaluniz eta Martxel Azkorbebeitia. Denak Abadiño Sokatira Taldean dabiltza eta 17 eta 23 urte artean dituzte.

Munduko txapelketaren batean esperientzia zuen bakarra Martxel Azkorbebeitia zen. Orain urte bi Irlandan lehiaturiko goma gainekoan aritu zen; baita iaz Getxon izandako lur gainekoan ere. Azken hori txapelketa deskafeinatu samarra izan zen, pandemiaren eraginez hainbat taldek ez zutelako parte hartu, baina oraingoan den-denak aritu dira. "Esperientzia zoragarria izan da, asko gozatu dugu", esan du Azkorbebeitiak, baina segituan zehaztu ditu bere berbak: "Tira, sufrituz gozatu dugu". Sokatiran gutxi dira-eta sufrimendurik bako tiraldiak.

Horren adibide bat mutilek China Taipei taldearen kontra izandako tiraldi bat. Sei minutu iraun zuen. "Oso gogorra izan zen", gogoratu du abadiñar gazteak. Orain kolpea talde batek, gero besteak… luzaroan aritu ziren horrela aurkaria desorekatu guran. Azkenean, txinatarrek lortu zuten finalerdietarako sailkapena.

Nesken kasuan, laugarren postu bat izan dute emaitzarik onena. Finalerdietan lehenengo tiraldia irabazi, baina beste biak galdu zituzten, txapelketako kanporaketarik estuenetarikoan. 

Denboraldia martxan
Abadiño Sokatira Taldean hasi dituzte aurtengo entrenamenduak. Mutiletan nahiz nesketan, ikasten jarraitzea eta iazko denboraldiagaz alderatuta pauso bat aurrera ematea dute helburu.

Mutilak martitzen eta eguenetan entrenatzen dira, 20:00etan, Abadiñoko probalekuan. Neskak astelehen eta eguaztenetan, ordu berean. "Sokatira probatu gura duten denentzat dugu zabalik atea", dio Azkorbebeitiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!