Urriaren 10a osasun mentalaren eguna da. Gaia ezagutarazteko asmoz, iaz Cristina Friasek, Loratzen proiektuko sustatzaileak, Loratzen eguna antolatu zuen. Iazko arrakasta ikusita, Loratzen egunaren bigarren edizioa antolatu du. "Oso egun polita izan zen. Pertsonalki oso berezia niretzat. Nire testigantza kontatzeko aukera izan nuen eta oso babestuta eta ulertuta sentitu nintzen. Eta, harrezkero, oso libre sentitu naiz antsietateaz berba egiteko", azaldu du abadiñarrak.
Loratzen egunaren bigarren edizioa urriaren 8an izango da. "Egitarau zabala antolatu dugu, pertsona guztiengana heltzeko. Guretzat garrantzitsua da gai hau txikitatik ezagutzea eta lantzea. Hala ere, gatx da testigantzak topatzea, horrek jendearen aurrean berba egitea suposatzen du-eta, norberaren bihotza zabaltzea. Baina argi dugu gai honi aurre egin behar diogula, oraindino gauza asko dago lortzeko eta", jarraitu du Friasek.
'Osasun mentala existitzen da' egunari pankarta bat eginez emango diote hasiera, 12:30ean. Gero, 14:00etan, bazkaria egingo dute Taberna Zarrean, eta 17:00etan mahai-ingurua egongo da. Bertan hainbat testigantza egongo da eta Ernetu Psikologia eta Hezkuntzako psikologoek ere parte hartuko dute. 18:00etan, Aida Gomezen eskutik, poemen errezitaldia egongo da, eta 18:30ean Insömnia taldearen kontzertua. "Abadiñar guztiak eta inguruko herrietakoak ere gonbidatuta daude. Osasun mentala denon ardura da eta gure esku dago mentalki osasuntsu dagoen gizarte bat izatea", amaitu du Friasek.