Abadiñok beti-betikoa den komertzio txiki eta hurbil horietako bat galduko du urriaren 14an. Atxa burdindegiak bukaera emango dio 1974tik hona martxan egondako familia negozioari. “Aizu, Atxa! Giltza honen kopia bat behar dut”. “Aizu, Atxa! Honako altzari hau berritu beharrean nago eta ez dakit zein torloju mota erabili”. Bere dendara joan denak horrelako elkarrizketak bizi edo aditu izan ditu. Izan ere, direla iltzeak, bonbillak, kableak, sukaldeko tresneria, hormarako erlojuak edo pintura… Abadiñon gutxi izango dira bertan sekula erosi ez duten familiak. Eta Abadiñotik Durangalde osora eginda ere, gutxi izango dira Atxarenean inoiz erosketaren bat egin ez duten herritarrak.
Negozioa Martin Arriaga berriztarrak ipini zuen martxan 1974an, soldaduskatik ailegatu berri. Izena ere bere sortetxetik bertatik hartu zuen. Andikoa auzoko Atxa baserritik. Handik gutxira batu zen negoziora Espe Rodríguez emaztea. Bikoteak hor ekin lanari, bideari, bezeroak mimoz tratatzeari eta Abadiño zein inguruetan erreferentziazko denda izateari. Senar-emazteek urte askoan egin zituzten negozioko arduradun lanak, harik eta haien seme Ikerrek eta Julenek erreleboa hartu zuten arte.
Arriaga, Rodriguez. Martin, Espe, Julen zein Iker. Izena eta abizena gutxienekoa. Abadiñoko eta Berrizko memoria kolektiboak Atxa gogoratuko du. Atxatarren denda. Horrela hasi zen dena. Eta horrela amaituko da urriaren 14an.