Zergaitik erabaki duzue Isiotu kultur elkartea sortzea?
Asier Aspuru: Konfinamenduan sortu zen ideia, lagun baten etxean geundela. Zeozer egiteko gogoa genuen, ekitaldi kulturalak antolatzekoa, herrian eragitekoa. Eta kultur elkarte bat sortzea horretarako aproposa izango zela pentsatu genuen.
Ilia Vázquez: Bai, horren falta igartzen genuen. Berbaldi interesgarriak, kontzertu txikiak, gazteentzako egitarau bat, artista berrientzako aukerak... horrelakorik ez dago. Eta ez dagoenez gero, geuk sortzea pentsatu dugu. Horrela sortu dugu Isiotu Kultur Elkartea.
A.A.: Isiotu izena ere hortik hartu dugu. Herria piztearen, kultura piztearen, kontzeptu hori plazaratu gura dugu.
Nortzuek osatzen duzue taldea?
Irati Bazeta: Elkartea antolatu dugunon artean denerik dago. Herriko hainbat auzotatik gatozen kideak gara, Traña-Matienatik, Zelaietatik, Gazteluatik,.. Eta bakoitzak bere ibilbidea dauka. Gutariko batzuk, adibidez, mugimendu feministan gabiltza, beste batzuk presoen aldeko mugimenduan, txosna batzordean,... baina horiez gainera kide gehiago gara. Elkarteko beste kide batzuk mugimendu euskaltzaleetatik datoz. Sexu askapenaren aldeko mugimenduetatik ere bai. Gazteagoak gara batzuk, ez hain gazteak beste batzuk,... denerik dago (barrez).
Eguaztenean Txanporta kultur etxean aurkeztu zenuten elkartea. Gune bat ere zabaldu gura zenutela komentatu zenuten.
I.B.: Bai, lantzen gabiltzan zeozer da. Gure asmoa elkartearen balioak lantzeko eta kultur ekitaldiak egiteko gune bat zabaltzea da. Traña-Matienako garai bateko Maitena taberna daukagu begiz jota. Gure beharrizanak ase ditzakeela uste dugu. Horregaitik, taberna zabaldu ahal izateko, laster kanpaina ekonomiko bat ipiniko dugu martxan, itsulapikoa.eus edo goteo.org atarian. Bakoitzak gura duen ekarpena egin ahalko du bertan. Laster emango dugu horren berri. Bestalde, kuriositatea duenak edo informazioa gura duenak isiotukulturelkartea@gmail.com helbidera idatzi dezake.
I.V.: Gune hori irekia eta herritarrekin konpartitua izatea gura dugu, balio horiek zabaltzeko eta partekatzeko. Mugimendu feministak batzar bat egiteko lekua behar duela? Hor dauka Isiotu. Berbaldi interesgarri bat antolatu gura dugula? Hor dago Isiotu. Azkenean tresna bat izan gura dugu kultur egitasmoen bitartez feminismoa, euskaltzaletasuna, sexu askapena edo elkartasuna lantzeko.
A.A.: Bai, topagune bat izango da, erreferentea izango den gune bat. Izan ere, Abadiñon ez dago horrelakorik.
Gune hori noiz zabaltzea aurreikusi duzue?
I.B.: Oraindino ez daukagu data finkorik. Lantzen gabiltzan zeozer da. Baina urtea amaitu aurretik, azaro bueltan edo, Isioturen gunea zabalik egotea gura genuke.