Kepa Arroitajauregiren oroimenezko trinkete txapelketa bariku honetan hasiko dute

Anboto 2022ko ira. 27a, 13:10
Txapelketako antolatzaile eta laguntzaileak gaur Astolan egindako aurkezpenean.

Kepa Arroitajauregiren oroimenezko txapelketak hirugarren aldia hasiko du bariku honetan. Partiduak Arroitajauregik hainbeste ordu emandako Tornosolo trinketean jokatuko dira barikuetan, 18:30etik aurrera. Finalak urriaren 28an izango dira.

Hiru modalitatetan jokatuko dute: gizonen eta emakumeen paleta goman binaka, eta, gizonen esku pilotan, buruz buruz. Paleta goman lau jardunaldi jokatuko dira finalaren aurretik, guztira 12 pilotarigaz.

Barikuan, gizonen lehen jardunaldian Durangaldeko bik osatuko dute bikotea: Mikel Garcia mallabiarrak eta Iker Agirresarobe elorriarrak. Biek Bombin eta Oroz izango dituzte kontrario. Barikuko bigarren partidua honako hau da: Arana eta Asurmendi Moralen eta Peñaren kontra. Modalitate honetan Durangaldeak beste ordezkari bat ere izango ditu: Durangon bizi den Arrieta gasteiztarra.

Emakumeen txapelketan ere final laurdenetan hasiko dira. Finalerako bidea urriaren 7ko, 14ko eta 21eko jardunaldietan egingo dute. Denen gainetik Ipar Euskal herriko palistak dira irabazteko faborito; esaterako, Amaia Larralde hendaiarra.

Azkenik, buruz buruko txapelketan lau pilotarik parte hartuko dute. Euretako bat Asier Aspuru abadiñarra da. Kasu honetan jardunaldi bi daude; finalerdia eta finala. Aurten ezin izan dute Iparraldeko pilotaririk ekarri. Urri amaieran munduko txapelketa jokatuko da Biarritzen eta hitzordu hori lehenetsi dute hainbat pilotarik.

Aurreko aldietan lez, Kepa Arroitajauregi saria ere banatuko dute, Keparen baloreak ondoen islatzen dituenari.

Txapelketaren antolatzailea Tornosolo Pilota Elkartea da. Durangaldeko Mankomunitatea eta Munduko Pilota Batzarra laguntzaile izango ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!