Oihana Azkorbebeitia nagusi Munduko Kopako Pirin Extreme lasterketan, Bulgarian

Anboto 2022ko ira. 24a, 17:33

Sandra Sevillano, Oihana Azkorbebeitia eta Maite Maiora (Argazkilaria: Josu Juaristi).

Sailkapen nagusian lider dago orain, final handiaren aurretik.

Skyrunner Munduko Kopako Pirin Extreme mendi lasterketa jokatu da, gaur, Bulgarian, Bansko herrian, eta bertan euskal koloreak nagusitu dira nesketan, podiumera Euskal Herriko hiru neska igo dira eta. Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak (Merrell taldea) irabazi du proba (5.50.29), denboraldi honetan Munduko Kopan irabazi duen hirugarrena, eta esne-mamitan agertu da. "Munduko Kopako lau proba lehiatu eta hiru irabazi ditut, eta ni neu ere harrituta nago neure buruagaz. Oso gustura nago egin dudan lanagaz", adierazi du Azkorbebeitiak. "Norvegiako lasterketaren estilokoa izan da, nire ezaugarrietarako egokia, luzea eta teknikoa, menditsua, oinez asko egitekoa, eta hasieratik ondo ikusi dut neure burua, baina hiru bider geratu behar izan dut, tripetatik larri. Leku ezkuturen batean egin beharrekoak egin, eta aurrera.18. kilometroko anoa gunean banana bat jan,  coca-cola bat edan, eta, tripak hobeto, hortik aurrerako kilometroak askoz ere gusturago egin ditut", gaineratu du Azkorbebeitiak. 38 kilometroko lasterketa izan da, 3.300 metroko desnibel positibokoa, eta korrikalariek hiru mendi igo behar izan dituzte: Kutelo (2.908 m), Vihren (2.914 m) eta Todorka (2.746 m). Millet taldeko Sandra Sevillano korrikalari santurtziarra sailkatu da bigarren (5.55.21), eta RaidLight taldeko Maite Maiora mendaroarra hirugarren (5.58.07). Mutiletan, Christian Mathys korrikalari suitzarrak irabazi du (4.49.28)

 

Azkorbebeitia lidertzan

Zirkuituko lau emaitzarik onenak kontuan hartuta, Azkorbebeitia Munduko Kopako lider dago orain, 316 puntugaz, Zeanurin lehiatuko den finala (Gorbeia Suzien) baino ez dela falta. Irish Pessey arineketalari frantsesa dago bigarren postuan, 300 puntugaz, eta Lindsay Webster estatubatuarra hirugarrenean, 290 puntugaz. 

"Gorbeia Suzieneko ibilbidea ez da oso aproposa nire ezaugarrietarako, baina gogotsu nago. Polita da finala etxean izatea, eta neure onena ematera joango naiz. Egindakoa eginda, konforme izango naiz, denboraldiaren hasieran ez nuen imajinatu ere egingo-eta hain lasterketa garrantzitsuak irabaztea", aipatu du Azkorbebeitiak. Munduko Kopako finalaren aurretik, baina, Anbotoko kilometro bertikalean parte hartuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!