Estalki berriaren lanak hasita, igerilekuak 2023ko lehen hiruhilekorako zabaltzea aurreikusten dute

Anboto 2022ko ira. 8a, 10:40

Argazkia: Abadiñoko Udala

Haizeteen ondorioz, Astolako igerilekuetako estalkia jausi egin zen 2020ko otsailaren 16an.

Harrezkero, igerilekua itxita egon da. "Lan askoren ondoren, dagoeneko hasi dira konpontzen", jakinarazi du Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak. Lehenengo, martxo inguruan, hondatuta zegoen galdara-sistema aldatzen hasi ziren, eta uztailean estalki berria egiten hasi dira. "Igerilekuak datorren urteko lehenengo hiruhilerako zabaltzea da asmoa. Igerilekuak erdizka zabaldu beharrean, dena atonduta zabaldu gura genituen; hau da, aterpe berri bategaz, galdara-sistema konponduta eta kudeaketa gestio berri bategaz", azaldu du Abadiñoko alkateak. 

Zurezko estalkia
Estalkia ipintzeko lanei ekinda, Abadiñoko Udalak beste pauso bat eman du Astolako igerilekuak berriro zabaltzeko. Ingurunean intregratuta egongo den estalki berria zurezkoa izango da eta 1.400.000 euro inguruko aurrekontua izango du. Alkateak azaldu duenez, udal igerilekuetako askaren inguratzailea egiteko proiektuak 500.000 euroko diru laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik, eta 349.766 eurokoa energia-eraginkortasuneko proiektuetarako EGEF funts europarretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!