Oihana Azkorbebeitia lehenengo eta Larraitz Aragon bigarren Tena Bailarako mendi maratoian

Anboto 2022ko ira. 4a, 11:21

Azkorbebeitiak probako errekor berria ezarri du, aurrekoari 20 minutu janda

Durangaldeko neskak nagusi izan ziren, atzo, Trail Valle de Tena 4K mendi maratoian, Panticosa herrian (Huesca). Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak irabazi du proba (6.57.45), eta Indarpark taldeko Larraitz Aragon durangarra izan da bigarrena (7.17.44). Ainhoa Elizondo euskalduna sailkatu da hirugarren. Atzokoagaz, Azkorbebeitiak denboraldiko zazpigarren garaipena lortu du, eta baita bigarren arantza kentzea ere. "Panticosako lasterketa aurtengo helburu nagusietarikoa zen. 2018an erretiratu egin behar izan nuen eta proba ezagutu ez izanaren eta ibilbidea osatu ez izanaren penagaz geratu nintzen", adierazi du Azkorbebeitiak. Ibilbidea amaitzetik aparte, garaipena lortu eta errekorra hautsi du korrikalari abadiñarrak. "Ez diot larregi begiratzen lasterketetan egindako denborari, baina beti da pozgarria errekor berria ezartzea", gaineratu du korrikalari abadiñarrak. Azkorbebeitia lehenengo emakumea izan da zazpi ordutik jaisten.

Indarpark taldeko Larraitz Aragon korrikalari durangarra ere pozarren agertu da Panticosan egin duen lasterketagaz, izan ere, ez zuen hain emaitza ona itxaroten. "Bosgarren joan naiz, eta, egia esan, ez dut jakin ere egin bigarren helmugaratu naizela. Hau poza!", aitortu du helmugako marran. 500 bat korrikalarik parte hartu dute Valle de Tena 4K mendi maratoian. Probak 3.600 metroko desnibel positiboa zuen eta Garmo Negro (3051 m) izan zen igo zuten mendirik garaiena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!