"Harria lantzeko pazientzia behar da; akaberak eskuz egiteko, batez ere"

Aitziber Basauri 2022ko ira. 4a, 10:30

Jon Martínez Mendiolan (Abadiño) bizi da azken 12 urtean. Hargina da 25 urte zituenetik, eta bizi den baserria berak egindakoa da, berak landuriko harriagaz. Azken urteetan kedar-garbitzaile lanetan ere badabil, bazkide bategaz Surarte enpresa sortu eta gero. 

Zein lan egiten duzu hargin lez?
Baserrietan edo eraikuntzetan ipintzeko harria lantzen dut. Horrez gainera, beheko suak edo sutondoak, familia armarriak, estelak… egiten ditut. Azken 22 urtean horretan nabil; baina, orain, harria lantzen baino ez dut lan egin gura, benetan gustatzen zaidan horretan. 

Kedar-garbitzailea ere bazara. 
Hala da, bai. Gainera, lan horrek aukera eta denbora ematen dizkit harria lantzeko, lan asko dugun arren. Baserrietako suteen atzean, gehienetan, zuhurtziagabekeria txikiak daude. Tximiniak ez dira garbitzen urteetan, eta, ondorioz, suteak sortzen dira. 

Eta kedar-garbitzaileak ez zarete asko. 
Hala da, eta aurkitu zitekeen lanik zikinena ere bada, harginarena lez (barrez). Baina asko gustatzen zaizkit biak, eta, nire kasuan, hartu-eman estua dute. Beheko su asko ipini dut eta askotan galdetu didate ea tximiniak garbitzeko inor ezagutzen nuen. Ezagutzen nuen kedar-garbitzaileari lana pilatzen hasi zitzaion eta, azkenean, ni ere lan horretan hasi nintzen. Bazkide bategaz Surarte enpresa sortu nuen. Ni Arratian eta Durangaldean nabil, batez ere.

Zelan hasi zinen hargin?
Delineazio ikasketak amaituta, kasualitatez hargintza eta hormagintza ikastaro baten inguruko kartel bat ikusi ondoren. Arteako Ekomuseoan oinarrizkoa ikasi nuen, eta, gero, Manuel Mateoren harrobira etorri nintzen, harria lantzeko harrobira, Orozketara. Han ikasi nuen harria lantzeko teknika.

Non ikasi zenuen harria zizelkatzen?
Autodidakta naiz. Igorreko Jose Benito eskultorearengana ere joaten nintzen, baina egundo ez nuen harri bat landu beragaz. Abilidadea dut marrazten, eta horrek asko lagundu dit, zizelkatzeko ezinbestekoa da eta. Buztina lantzeko ikastaro batzuk ere egin ditut.

Pazientzia eta denbora behar dira?
Pazientzia handia, bai, batez ere akaberak eskuz egiteko. Nik akabera guztiak eskuz egiten ditut. Badaude, gutxi diren arren, lanak duen benetako balioa ordaintzeko prest daudenak. Horrelakoetan benetan gozatzeko aukera dut, merezi duen arreta eskaintzeko.

Azoketan ere ibilitakoa zara.
Bai, baina badira hamar urte ez noala. Abadiñora baino ez naiz joaten, San Blas egunez. Saskigilea, uztarriak egiten zituena… denok talde bat osatzen genuen, hartu-eman berezia genuen. Horren falta igartzen dut. Gainera, trabak baino ez daude gure lana erakusteko. 

Gogoan duzun enkargu bereziren bat?
Askartza Claret eskolak eskaturiko pieza bat, metro bi eta erdiko altuerakoa: gurutze handi bat, ikastetxeko armarria eta lauburu bat zituen. Istripuan hildako mutiko baten gurasoena ere gogoan dut. Dimatik Otxandiora bidean dago eta printze txikia du zizelkatuta, testu bategaz.

Eta gatxena egin zaizuna?
Dimako etxe baterako harrizko burkoa, eskuadra baten modukoa. Erronka handia izan zen harri hura apurtzea, pieza bakarrean. Etarteetako arkuak ipintzea ere erronka handia dira.  Esan beharra dut egindako sutondo bakoitza desberdin egiten ahalegindu naizela, sutondoa etxearen bihotza da eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!