Oihana Azkorbebeitiak Munduko Kopako Hamperokken Skyrace lasterketa irabazi du, Norvegian

Anboto 2022ko abu. 6a, 22:05

Norvegiako Tromso herrira arantza txiki bat kentzera joan dela aitortu dio Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak ANBOTOri.

"2019an hirugarren sailkatu nintzen Tromsoko kilometro bertikalean, baina, handik egun bira, Hamperokken Skyrace lasterketan erretiratu egin behar izan nuen orkatileko minez. Haraino joan eta hain lasterketa ederra bertan behera utzi behar izateak ziztadatxoa egin zidan bihotzean, eta aurten ere Munduko Koparako puntuagarria izatera, berriro lehiatzea erabaki nuen", adierazi du Azkorbebeitiak.

Aurtengoan, parte hartu, amaitu, eta, gainera, irabazi egin du. Bederatzi ordu pasatxoan amaitu du proba. (9.04.48). "Pozarren nago. Munduko Kopako proba bi irabazi ditut aurten, Norvegiakoa eta Kataluniako Garmin Epic Trail, eta ezin dut gehiago eskatu. Egia esan, orkatileko minagaz nabil eta aurreko astean Andorran ezin izan nuen neure onena eman. Baina Norvegiakoa lasterketa desberdina izan da, oso luzea, igoera eta jaitsiera oso teknikoak dituena, erritmo lasaiagoan hartu beharrekoa eta horrek mesede egin dit", gaineratu du korrikalari abadiñarrak. Hamperokken Skyrace lasterketak 57 kilometro ditu,  4.800 metro positiboko desnibela du eta Tromsdalstind (1.238 m) eta  Hamperokken (1.404 m) mendiak igotzen dira itsaso mailatik.

Nesketan, Euskal Selekzioko Sandra Sevillano sailkatu da bigarren (9.23.24), Johanna Gelfgren suediarrak egin du hirugarren (10.02.29), Synna Hoggen norvegiarrak laugarren (10.26.40) eta Lisa Risch alemanak bosgarren (10.30.55). Mutiletan, Loulsin Colffet frantsesak irabazi du (7.10.36). Ander Iñarra euskalduna bosgarren sailkatu da (7.58.23).


Munduko Kopako bigarren garaipen honegaz, Azkorbebeitiak jauzi handia egin du sailkapen nagusian, baina abadiñarrak dio ez duela Munduko Kopagaz itsutu gura. "Egia esan, gurago dut gutxiago bidaiatu, familiagaz egon eta etxe inguruko lasterketetan parte hartu. Bulgarian lehiatuko naiz hurrengo, irailean, eta Gorbeia Suzien-eko finalean ere parte hartuko dut, baina ez gehiagotan", argitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!