Abadiñoko EH Bildu "kezkatuta" dago gobernu taldearentzat Zelaietako osasun-zentroa handitzea "ez delako lehentasun bat"

Anboto 2022ko uzt. 19a, 08:55

EH Bilduren hitzetan, osasun-zentroaren gaia udal-eskumenekoa da, baina oraindik lehiaketara atera gabe jarraitzen du. 

"Zelaietako osasun-zentroaren gaia talde guztiok identifikatuta dugun arren, eta hauteskunde programetan sartuta egon arren, alderdi bakoitzak ematen diogun garrantzia oso desberdina da. Guk hiru mozio proposatu ditugu Txanportako osasun-zentroa handitzeko proiektuaren idazketa lehenbailehen lizitatzeko eskatzeko. Baina gobernu-taldeak, hiru aldietan, proposamenaren aurka bozkatu du, horretan ari zirela argudiatuta", adierazi dute EH Bildukoek.

"EH Bildutik oso kezkatuta gaude Zelaietako osasun-zentroa handitzea ez delako lehentasuna gobernu taldearentzat, eta gaur egun arazoekin jarraitzen dugu", gaineratu dute. Oposizioko taldearen hitzetan, Zelaietako bi medikuek %10ean gainditzen dute pazienteen muga eta gainera, ez dago mediku gehiagorentzako lekurik. Eta bestalde, lehen mailako arreta larriagotzen ari da, eta bultzada bat behar du.

Horrez gain, Osakidetzarekin obraren finantzaketa negoziatzeko proiektuaren idazketa lehiaketa publikora ateratzea ezinbestekoa dela azaldu dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!