SANFERMINAK

"Egunero egin dut Traña-Matienatik Iruñerako joan-etorria entzierroa korritzeko"

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 14a, 12:18
Aitor Serralvo Rivas, Ainhoa Fernández Calvo bikotekidearekin.

Aitor Serralvo Rivasek (Abadiño, 1990) urteak daramatza Iruñera joan eta entzierroak korritzen. Aurten ere horixe egin du: Goizean goiz Traña-Matienan jaiki, Iruñera joan, entzierroan korrika egin, eta Traña-Matienara buelta. Asteburua, hori bai, Iruñean eman du jaiaz gozatzen. Berea txikitako pasioa dela dio, aitita-amamek, transmititurikoa.

Egun hauetan sanferminetako entzierroak korritzen ikusi zaitugu telebistan.

Bai, urte batzuk daramatzat entzierroetara joaten. Lanak uzten didan aldiro joaten naiz Iruñera. 2018an ekin nion entzierroetan korrika egiteari.

Zer moduzkoak izan dira aurtengoak?

Ondo joan dira. Gaurkoarekin, adibidez, pozik nago. Nik korritu ohi dudan tartea Estafeta kaletik Telefonica zeharkatu artekoa da. Zezen taldea hartu eta eskuma aldean kokatu naiz. Telefonica jaistean hiru zezenekin egin dut korrika. 

Eta hori, egunero egin duzu.

Uztailaren 7ko goizean egin nuen lehenengo joan-etorria Iruñera. Gero, asteburuan, bertan egon nintzen. Hiriko kanpoaldean aterpetuta egon nintzen bikotekidearekin. Zapatuan eta domekan, beraz, hango jaiaz gozatu dugu. Gero, astelehenetik gaur arte, egunero-egunero egin dut joan-etorria Traña-Matienatik Iruñera, entzierroa korritzera.

Ea ondo ulertu dudan: asteburua kenduta egunero-egunero egin duzu Abadiño-Iruñea joan etorria entzierroa korritzeko?

Bai, halantxik da. Zorokeria bat irudituko zaizu beharbada, baina ohitura hori dut. Kontua da arratsaldean lanera sartu behar izaten dudala. Lanak ez dit sanferminek irauten duten egun guztietan Iruñean egonkortzen uzten. Dena dela, entzierroan familia txiki bat osatu dugu. Iruñeko jendearekin batzen naiz, Logroñoko jendearekin (Errioxa). Badugu ohitura hori.

Zer moduzkoa da entzierro barruan egon eta zezenak gertu-gertu dauden sentipen hori?

Errespetua eta beldurra sentitzen dituzu. Baina adrenalina horrek engantxatu ere egiten. 500 kiloko pizti bat zugandik hain gertu sentitzea itzela da. Zoratuta gaudela esan dezake bat baino gehiagok, baina gure zoramena da. Baten batek helikoptero batetik salto egingo luke paraxuta batekin. Nik adibidez ez nuke horrelakorik egundo egingo. Aldiz, zezenen aurrean ipintzeko gai naiz.

Noiztik duzu sanferminetako grina? 

Txiki-txikitatik. Umea nintzela entzierroa telebistan ikusteko altxatzen nintzen. Bestalde, badut umetako argazki bat, sanferminetakoa. Bost bat urte izango ditut argazkian. Gurasoek Iruñera eraman ninduten aldiren bateakoa da. Dena dela, nik uste dudana da ohitura hau aitita-amamek transmititurikoa dela. Aitita-amamak Valladolidekoak dira, eta nik han pasatu ohi nituen udako oporrak. Eta Gaztela Leonen jai ugari egoten denez, nire grina hortik datorrela esango nuke. Aititak erabili ohi zuen sanferminetako zapiarekin irteten dut festara. Besoan ipini ohi dut, amuleto modura.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!