"Ez ditugu gainerako abadiñarrek dituzten eskubide berberak?"

Anboto 2022ko uzt. 6a, 10:01

Muntsaratz-Irazola auzoko bizilagun batzuek, beste hainbat herritarregaz batera, iazko irailean egindako protesta birengaitik 700na euroko isunak jaso dituztela salatu dute; Abadiñoko Udalaren “ganorazko kudeaketa batek” isunak saihestu zitzakeela diote.

Auzotarren ustetan, euren bizimodua asko kaltetu da hein batean, AHTaren lanen eraginez; neurri batean, “udal gobernuaren kudeaketa txarragaitik”, baina arazoa lehenagotik dator. "Izango dira 25 urte baino gehiago gurutzebidean argia behar zela esan geniola udal gobernuari, asmatzen ibili behar izaten dugula Elorriotik gatozenean non sartu behar dugun, ezkerretara ez delako ezer ere ikusten; izango dira 25 urte baino gehiago zebra-bide bat egitea eskatu genuela, oinez gatozenean bidea segurtasunez gurutzatzeko; eta auzoan argiak behar genituela, oinez segurtasunez ibili ahal izateko. Gure eskaerak ez dira zentzuzkoak? Ez ditugu guk Abadiñoko gainerako herritarrek dituzten eskubide berberak? Itxuraz ez", azaldu du bizilagun talde batek ohar baten bitartez. Iraileko protestek, eta hauen osteko isunek, Irazolarako tren-zubia eraisteagaz dute lotura, bizilagunek oharrean esandakoaren arabera. Bizilagunen esanetan, gainera, UTEak ez zuen segurtasun informean "beren ingurua" sartu. "N-636 errepiderako baino ez da, gure bidetik milaka kamioi pasatuko denean, eta hala ere, udalak onartu egin zuen. Behin baino gehiagotan arazo itzelak izan ditugu uholdeekin. Horregaitik, UTEari segurtasun informea exijitu ziezaiola eskatu genion Abadiñoko Udalari", esan dute. Horrez gainera, sarrera eta irteeretarako bidea itxita geratzea ere salatu dute. Erreka kanala ez estaltzeko eskainitako irtenbideei UTEak ezetza eman izana salatu dute, baita ere. 

Auzotarrak “irtenbide bat lortzeko asmoagaz” joan ziren zubiaren inguruetara, baina enpresako kideek Ertzaintzari deitu zioten. Beste hainbat herritar ere batu zen protesta horretara. Identifikatu eta gero, ertzainek kanporatu egin zituzten han baturikoak. Alkatea ez agertzea ere salatzen dute bizilagunek, baita AHTaren lanei “lehentasuna” ematea, auzotarrei eman beharrean. “Herritarrei jakinarazi gura diegu udalaren ganorazko kudeaketa nahikoa izango zela isunak saihesteko", amaitu dute.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!