Zelaietako peatonalizazio prozesua gelditzeko sinadura bilketa hasi dute

Anboto 2022ko uzt. 5a, 13:46

Herritar talde batek sinadu bilketa hasi du, sinadurak herriko denda eta tabernetan jasoko dituzte. 

"Abadiñoko Udala Zelaietako kaleetan egiten ari den hiri-berrantolaketa negargarri ateratzen ari da. Zelaieta alde bitan zatitu dute, biak elkarrekin inkomunikatuta daude eta batetik bestera pasatu nahi duenak errepide nagusira irten behar du",  azaldu du ohar bidez Abadiñoko herritar talde batek. Zenbat auzotar haserre daude, eta Zelaietako mugikortasunari soluzio bat jarri asmoz, sinadura bilketa hasi dute. Ohar bidez azaldu dutenez, sinadura bilketa honen bitartez Abadiñoko Udalari ondorengoa eskatu gura diete: Lehenik eta behin une honetan egiten ari diren peatonalizazioa prozesua gelditzea eta beste faserik ez hastea. Zelaietarako mugikortasun plana birformulatzea eta Zelaietako peatonalizazio eta mugikortasun planari buruzko parte-hartze prozesuan sortzen diren proposamenak herri galdeketara eramatea. 

"Abadiñoko Udalaren apustua auzoko erdiko kale guztiak autoei zarratzea da, nahiz eta kale horiek izan diren beti Zelaietako ekonomia eta bizitza bideratu duten arteria nagusiak. Dendariak haserre daude bezeroak arazoak dituztelako dendetara heltzeko eta zerbitzuetako langileek -suhiltzaileek, osasun-langileek, banatzaileek...- ez dakite nora iritsi beraien helmugara. Aldaketa guzti hauek Zelaietan bizi eta lan egiten duten pertsonen iritziak kontuan hartu gabe egin dituzte", jarraitu dute. 

Hori horrela, sinadura bilketa martxan jarri dute. Beraz, auzotar talde honen eskariagaz ados daudenek herriko denda eta tabernetan dauden eskari orriak sinatu ahal izango dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!