[BIDEOA] Oihana Azkorbebeitiak Munduko Kopako Garmin Epic Trail lasterketa irabazi du, Katalunian

Anboto 2022ko uzt. 2a, 19:19

Gaur, mendi lasterketen Munduko Kopako (Skyrunner Worl Series) seigarren lasterketa jokatu da Barruera herrian, Katalunian.

42 kilometroko proba izan da, mendi maratoia, 2.800 metroko desnibel positibokoa, eta bertan Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu da nesketan (5.20.13). Lasterketa hau irabazten duen bigarren aldia da. 2017an lortu zuen garaipena lehenengoz, eta 2018an bigarren saikatu zen. Aldi bietan Munduko Koparako puntuagarria izan zen. "Aurten aldatu egin dute ibilbidea, gogortu egin dute, eta, aurrekoetan lez, apur bat agonikoa egin zait; ibilbideko gogortasunagaitik alde batetik, eta egin duen beroagaitik, bestetik", adierazi du Azkorbebeitiak.


Probako laugarren kilometro inguruan lasterketa burua hartu du korrikalari abadiñarrak, eta helmugaraino eutsi dio lidertzari. "Hasieran indartsu ikusi dut neure burua, oso gustura ibili naiz goizeko freskuran, baina 24. kilometroan luze eta zabal jausi naiz, beheko harri bat jo dut ahoagaz, eta hortz bat apurtu dut. Ezpainak handi-handi eta odolduta izan ditut, min handiagaz egin ditut zenbait kilometro, baina hankak mindu ez ditudala ikusita jarraitzea erabaki dut", gaineratu du korrikalari abadiñarrak. Ordurako zortzi bat minutuko aldea ateratzen zion bigarren sailkatuari, eta ondo eutsi ahal izan dio lehenengo postuari. Euskal selekzioko Sandra Sevillano Europako txapelduna helmugaratu da bigarren (5.27.02), eta Kataluniako selekzioko Georgina Gabarròk osatu du podiuma (5.34.17).


Mutiletan, Raul Ruiz andaluziarrak irabazi du lasterketa (4.20.23) eta Azkorbebeitiaren taldeko Ander Iñarra arineketalari euskaldunak egin du bigarren.


Gaurko garaipenagaz, Azkorbebeitiak Zeanuriko Gorbeia Suzien proban jokatuko den Kopako finalean parte hartzeko aukera lortu du zuzenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!