Abadiñoko igerilekuen kudeaketan udalak eta hainbat enpresak duten erantzukizuna argitzeko ikerketa egingo dute

Maialen Zuazubiskar 2022ko eka. 30a, 12:02
Mikel Urrutia eta Jon Montoto

Abadiñoko EH Bilduk eskatuta ikerketa bartzordea sortuko da igerilekuen kudeaketan udalak eta hainbat enpresak duten erantzukizuna argitzeko. Urrirako galdera batzuen erantzuna izatea aurreikusten du oposizioak. 

Martitzenean egindako osoko bilkuran, Abadiñoko EH Bilduk igerilekuen kudeaketaren inguruko mozio bat aurkeztu zuen. Mozio horren bitartez, igerilekuen kudeaketan hainbat enpresak eta udalak berak duten erantzukizuna argitzeko ikerketa bat egitea eskatzen zuten. "Abadiñoko igerilekuen kudeaketa desegokiak, 2020ko otsailetik gaur egunera arte, estalkirik barik egotea ekarri du, eta, gainera, galdara gela guztiz eraberritu behar izan da, besteak beste. Hori gutxi balitz, egoera horretara heldu arte, eta gero ere, izandako gertakari eta harturiko erabaki asko ez dira zuzenak izan; askok aztertu edo argitu barik jarraitzen dute", kritikatu dute EH Bilduko kideek. 

Hori horrela, eta mozio hori onartu dela ikusita —EH Bilduk mozioaren alde bozkatu zuen eta EAJko eta AIko zinegotziak abstenitu egin ziren—, Abadiñoko Udalak ikerketa martxan ipintzeko konpromisoa hartu du. Abadiñoko EH Bilduk hainbat galdera plantzeatzen du ikerketa hori egiteko. Hauek dira horietariko batzuk: Emtesport enpresak era egokian bete al ditu mantenuari zegozkion lanak? EH Bilduren berbetan, udalak mantentze-lanen auditoritza tekniko bat aurreikusten zuen urtero. Hala ere, hiru urtez jarraian, ez zen auditoritzarik egin. Zer-nolako eta norentzako ondorioak ditu praxi oker horrek? Bestalde, EIBEX enpresak udalaren eskariz 2018, 2019 eta 2020. urteetako auditoriak egin zituela jakinarazi du oposizioak, eta bertan EMTESPORT enpresak pleguetan adierazitakoa betetzen zuela azaltzen dela esan du. Hala ere, EH Bilduk dio Teknaliak egindako txostenak hori ez zela horrela izan azaltzen duela. Beraz, oposizioak salatu du edo EIBEXek txarto egin zuela auditoritza edo EMTESPORT enpresak datu faltsuak eman zituela. 

EH Bilduk esan du galdera horiei eta beste hainbati erantzuna emateko egingo dela ikerketa. "Bai lehengo gobernuak bai oraingoak erabaki okerrak hartu dituzte. Euren kudeaketaren ondorioak herritarrok pairatzen ditugu eta dagoeneko instituzio publikotik 3 milioi euro inguru bideratu dira erabaki oker horietara. Beraz, ordua da alde bakoitzaren erantzukizunak argitzeko. Ildo horretatik, aurrerapausotzat hartzen dugu udal gobernuaren abstentzioa eta ikerketa hori baimentzea, albiste pozgarria da", jarraitu dute oposiziokoek. Mikel Urrutia EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, urri ingururako galdera batzuen erantzunak izatea espero dute. "Momentu honetan udala kolpsatuta dago, eta ulertzen dugu lehentasun batzuk daudela. Beraz, hiru hilabeteko epean galdera batzuen erantzuna behintzat izan genezakeela uste dugu. Behin ikerketa eginda ikusi beharko dugu ea epaitegietara joan behar garen edo nola jokatu beharko dugun", bukatu du Urrutiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!